Gabon sasoirako jarduera ugari antolatu ditu Zeanuriko Udalak eta tartean, Ines Osinaga (Arrasate, 1982) musikaria konbidau dabe, bere atzen urteetako bakarkako ibilbidearen aletxoa Zeanurin erakusteko. Kultur Etxeko aretoan egingo da kontzertua bihar, hilak 27, 19:30ean.
Atzen urteetan Itsasoa da bide bakarra proiektu artistikoan egon da murgilduta, kanta-bilduma, dokumentala eta liburua biltzean dituana; eta hau aurkeztuten dabil aretoz areto.
Osinaga akordeoiagaz hasi bazan be, laster egin eban trikitixara saltu eta Ekon taldeagaz rock-a probau ostean, Gose taldea osotu eban 2005ean. Iñaki Bengoa eta Jon Zubiagagaz batera, hamar urtetan zazpi disko kaleratu ebazan taldeak eta 300 kontzertutik gora emon Euskal Herrian, Espainian, Estatu Batuetan, Japonian… Gaur Süne moduko musikariakaz modan dagoan trikitixearen eta musika elektronikoaren buztarketea egiten aitzindari izan zan Gose taldea.