Oingo barikuan, hilak 31, ospatuko da Gau Baltza eta Zeanurin jarduera ugari antolatuta dagoz arrastirako: jokoak, eskulanak, sorgin jantzak, mozorro desfilea, Zapaburu eta Genio komentuan, kobazuloa... Baina arimen gaua bera ospatu aurretik, hau nondik datorren eta Euskal Herrian antxina zer egiten zan ezetuteko berbaldia antolatu da hilaren 29rako, eguaztena.
Atzen urteetan berreskuratuten dabizen Gau Baltzeko euskal tradizinoak hobeto ezetuteko, Felix Mugurutza laudior filologo, etnografo eta euskaltzaina konbidau dabe Zeanurira. Honek Heriotzarako bizi: euskal ohiturak berbaldia eskainiko dau gaur kultur etxean, 18:00etan. Mugurutzak bizi osoa daroa Euskal Herriko ohiturak, mitoak eta erritualak aztertuten. Azterketa horreen emaitzak, Gau Baltzaren ingurukoak, baina baita be neguan ospatuten ziran, eta diran, erritu desbardinen errazoi eta bilakaerea izango dau berbagai.
