Urri bigarrenaren 25ean, zapatua, Arratia, Ubide eta Zeberion aurten egingo diran Ondarearen Europako Jardunaldien atzenaurreko jarduerea egingo da: Energiaren paisaiak: Barazarreko hauzi hidroelektrikoaren aztarna arkeologikoak bisita gidatua. Ez da erreserbarik egin behar, 10:00etan Barazarren egotea baino ez. Bisitea euskeraz gidatuko dau Josu Santamarinak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko arkeologo eta Historia Garaikideko irakasleak. Bost kilometro pasatxoko ibilbidea izango da, beraz, arropa erosoa eroatea gomendatzen da.
"1947-1959 urteen artean, Bizkaiko Labe Garaiek une horretara arte inoiz ikusitako euskal energia-proiektu handiena martxan jarri eben: Urrunaga eta Uribarri-Ganboako urtegien sistemea. Barazarren (Zeanuri) lurpeko zentral erraldoia eregi zan Bilbo Handiko industriei elektrizidadea helarazoteko. Proiektuak ia hamar herrixken suntsipena ekarri eban Araba iparraldean eta ehunka familia langile etortzea eragin. Zeanurin, Undurraga eta Ipiñaburu landa-auzoetan langileen bizitokien aztarnak dagoz, baita energia-paisaia honen beste arkitektura elementu batzuk be", dino jarduerearen fitxak.
Atzena Lemoan
Ondarearen Europako Jardunaldien eskualdeko atzen bisiteak be kutsu industriala izango dau, izan be, Cementos Lemona lantegia izango da protagonistea. Urri bigarrenaren 29an, eguaztena, egingo da bisita gidatua. Erreserbak 94 487 22 00 telefonoan zein lemona@lemona.com helbidean egin daitekez.