historia

Jon Urutxurtuk 'Manuel de Ynchausti eta Lurdes Euzko Aur-Etxea kolonia Jatsu (1937-1939)' liburua aurkeztuko dau Zeanurin

Asier Abrisketa 2025ko urr. 22a, 10:16

Gerra Zibilean dozenaka euskal mutil eta neska, tartean lau Zeanuriztar, artatu ebazan Lapurdiko koloniaren gaineko lana barikuan aurkeztuko dau historialariak Kultur Etxean, 19:00etan.

1936an hasi zan Gerra Zibila iraun bitartean eta gerora, Euskal Herriko milaka ume hartu ebezan estaduko mugetatik kanpo hainbat kolonietan. Euretako bat izan zan Lurdes Euzko Aur-Etxea Lapurdiko Jatsun eta Jon Urutxurtu Zeanuriko historialariak euretako baten historia eta koloniaren bultzatzailea izandakoaren batu dauz liburu batean, ehun bat argazki eta dokumentugaz ilustrauta. Manuel de Ynchausti eta Lurdes Euzko Aur-Etxea kolonia (Jatsu, 1937-1939) liburua Zeanuriko Kultur Etxean aurkeztuko dau Urutxurtuk barikuan, hilak 24, 19:00etan.  Ikerketa lan honek Gogora Institutuaren, Gernika Gogoratuzen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzea izan dau.

Zeanuriko lauak:  aurrean Eleixabete eta Arantza Goikoetxea; atzean Mikel Goikoetxea eta Alex Mendibil.

Lurdes kolonian sei eta hamairu urte bitarteko 21 neskato eta 13 mutiko jagon eta balore euskaldunetan hazi ebezan 1937tik 1939ra. Eta euretako batzuk Zeanurikoak ziran: Mikel, Elixabete eta Arantza Goikoetxea neba-arrebak eta hiru horreen lehengusua zan Alexander Mendibil. Hortik tiraka, koloniaren jatorria eta finantzaketea, umeen ailegakera eta urtekerea, barne-antolaketea, hezteko modua, euskal kulturearen garrantzia eta abar dokumentau dira liburuan.

Liburuan, kolonia bera aztertzeaz gainera, bere mezenasa izan zan Manuel de Ynchausti, bere andrea Ana Belén Larrauri eta bertan lan egin eben langileen aitortza egiten da. “Aldi berean, oindino munduan errepetiduten dan iragan traumatiko baten oroimena gorde gura da eta belaunaldi barriak sentsibilizau. Beraz, ikerketa hau ez da iraganari begiratzea bakarrik, etorkizunari begiratzen eta harrerako herrialde moduan daukagun paperari buruz hausnartzen lagundu gura dauan tresna be bada”, adierazo dau Urutxurtuk.

Ana Belén Larrauri eta Manuel de Ynchasti senar-emazteak (MYA).

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!