Urri lehenengoaren 6an, zapatuan, izango da Zeanuriko Ermiten Mendi Martxea. Aurtengoagaz hogeta hamaseigarren urtea beteko dau 1988an jaio zan eta klasiko bihurutu dan oinezko martxa honek. Orduan antolatu eban lehen aldiz Joko Alai Alkarteko mendi sailak eta ordutik hona, pandemia garaian izan ezik, hutsik egin barik eutsi deutsie zanuriztarrek urteroko hitzorduari.
Helburuak hasikerako berberak dira: zapatu goiza natureagaz harremanetan eta kirola eginez igarotzea, eta herritarrei zein kanpotarrei Zeanuriko inguru zabalak eta ermiten ondarea ezagutzera emotea. Ez dira gitxi, izan be, herri honetan sakabanaturik dagozan ermita edota eleizak, guztira hogei.
Hiru ibilbide egongo dira aurtengo edizioan; ibilbide osoa egiten dabenek 35 bat kilometro beteko dabez. Plazatik abiatzeaz batera San Antonio eta San Isidro ermiten ondotik igaroz hasiko dabe martxea parte hartzaileek, eta guztira hemeretzi ermita edota eleizaren ondotik igaroko dira; aurten be, Igiriñako (Gorbeia) Edurretako Amarena kanpo geratuko da-ta. Jan-edana hiru lekutan bananduko da: Altzuan, Ipiñaburun eta San Blasen. Horrezaz gainera, 23 eta 13 kilometroko martxak be egin ahal izango dira, ermita gitxiagotik pasauz.