Bagilaren 21ean, zapatua, Zeanuriko Eguzkiola alkartearen lokalean Espainiako transizino energetikoa, energia iturri barriztagarrietan oinarritutakoa, ekologikoa edo negozioari bideratuta dagoan aztertuteko saioa egingo da. Izan be, 11:00etan, Vidas irrenovables dokumentalaren proiekzinoa egingo da. Francisco Jose Vaquero Robustillo zuzendariak egingo dau aurkezpena eta gidatuko dau geroko eztabaidea.
Dokumentalak Espainiako transizino ekologiko edo energetikoa, benetan ekologikoa ete dan hausnartzera konbidatzen gaitu. "Erregai fosiletan oinarritutako energia iturriak energia iturri barriztagarriakaz ordezkatzeko urgentziak, ekosistema ugari dabil suntsitzen Iberiar peninsulan, baita landa-ingurune horreetan bizi diran personen bizitzak be. Planifikazino falteak eta administrazinoen kudeaketa txarrak arriskuan ipinten dau landa eremuetako personen bizimodua eta ingurumena" sinopsiaren arabera.