Zeanurin, herri txiki gehienetan moduan, pil-pilean dagoan gaia da atzenaldian osasungintza publikoan egon diran murrizketak eta baita mediku faltea be, beste herri batzuetara mobidutea behartuten dauan arazoa. Udaletik hainbat berbaldi eta batzar deitu dira atzenaldian, gaiari eutsi eta Zeanurin osasun zerbitzu publikoa bermatuteko helburuagaz. Oin, EH Bilduk udaletatik osasungintzan zelan eragin aztertuko dau, adituen laguntzeagaz. Osasun politikak eta zaintza udaletatik berbaldia bihar, hilak 28, egingo da 19:00etan Kultur Etxean.
"EH Bilduren xedea da herritar guztien osasuna zaintzea, sustatzea eta hobetzea, besteak beste, herritar guztien bizitzak ahalik eta hoberenak izan daitezan. Herritarrak erdigunean ipinita, Osasun Sistema Publiko integral, sendo eta eraginkorra erdiestea da gure helburu nagusia, Osasungintza modu integralean lantzearen beharrean sinisten dogu, osasun arloko eremu guztiak aintzat hartuz; baita herriak ere noski"
Berbaldian, bai udal-politiketan bai hurbileko osasungintzan aritutako hiru andrek hartuko dabe berbea eta herriko osasungintza publikoaren zerbitzuan eragiteko udalek zer egin ahal daben izango da berbagai nagusia. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak, Esti Aldaiturriaga Heziketa Fisikoak lizentziatu eta Hernaniko alkate zein zinegotzi izandakoak eta Larraitz Arriola familia medikuak, lehen arretane ta osasun publikoak aritutakoa eta egun eremu soziosanitarioan lanean dabilenak hartuko dabe parte.