literaturea

Maddi Ane Txoperenak bere bigarren eleberria aurkeztuko dau Zeanurin

Asier Abrisketa 2025ko mai. 13a, 11:24

Eguaztenean 18:00etan egingo da Kultur Etxean Ez erran inori liburuaren aurkezpena eta kontetan dituan sexu abusuen gaineko lanketea.

Mazala Andra Taldeak konbidauta bihar, hilak 14, Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia, 1994) bertsolari, kazetari eta idazlea Zeanurin izango da, bere lehenengo eleberri luzea aurkeztuten. Ez erran inori (Elkar, 2022) umetan etxean sexu-abusuak jazan ebazan neskatu baten gaztetasuneko bizipenak kontetan dituan nobelea da eta hau aurkeztu, zein biolentzia mota honen gaineko solasaldia egingo dau Zeanuriko Kultur Etxean, 18:00etatik aurrera.

Kazetaritza eta bertsolaritzan ibilia, Maddi Ane Txoperenak 2020an hasi eban bere ibilbidea eleberrigintzan. Orduan, Ene baitan bizi da nobela laburra argitaratu eban X. Gazteluma bekeari esker. Honek animauta, Ez erran inori nobela proiektua lantzean hasi eta honegaz, XXIII. Igartza saria eskuratu eban.

Sinopsia

Haurra zela sexu-abusu bat pairatu eban Lidek, etxean bertan, Donapaleun. Gertakaria memoriaren txoko batean erdi baztertua izan dau urtetan, baina gaztaroan, Baionan bizi dala, trumilka datorzkio irudiak gogora. Oroitzapenetik askatu gurean, sexura joko dau ihesbide bila, drogara, plazerrera, sorgortasunera. Baina Piztia hor dago beti, eta ez dau bakerik eman nahi. Gai mingarria hautatu dau Maddi Ane Txoperenak bere bigarren eleberria ontzeko, sarritan ezkutuan gorde nahi izan dena, tabuaren izarapean estali, baina mina sufritu dauanak ezin ahaztu, isiltasunaren bidez ezin gizartearen zauriak zarratu. Kontaketarako trebeziaz eta hizkuntzaren menderatzeaz gainera, gaiaren gaineko ezagutza sakona eta sentiberatasun fina erakusten deuskuz egileak.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!