Aurtengo Zeanuriko Erroten Ibilaldia maitzaren 11rako prestatu dau Joko Alai Alkarteak. Aurten oinezko ibilaldi honek hamazortzigarren edizinoa beteko dau. Antolatzaileek adierazten dabenez ibilaldiaren helburuak hasierako berberak dira: “Alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezagutzera emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezagutarazotea eta azkenik, domeka goiza natureagaz harremanetan eta kirola eginez pasatzeko aukerea eskaintzea”. Ez dira gitxi, izan be, herri honetan ezagutzen diran edota han-hemenka azaltzen diran errotak edo erroten arrastoak, guztira hamazortzi, danak hidraulikoak. Ibilbidean zehar zazpiren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan —Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko aukerea izango dabe.
Joko Alaiko arduradunen arabera, "ibilbidea ezin hobea da familian eta umeakaz egiteko, errotak eta euren instalazinoak —presea, kaltzea,, antepara, errotarriak mugimenduan eta artoa ehotzen, errotapea, energia hidraulikoa...— lasaitasunez ikusteko aukerea emonez. Beraz, domeka goiza kirola eginez eta naturaz gozoatzeaz gain, erroten mundua ikusteko eta ikasteko aukerea emoten dau ibilaldi honek".
Bi ibilbide prestatu dabez antolatzaileek, bata luzea, 14 kilometrokoa, eta bestea, laburragoa 7 kilometrokoa, umeentzako edo ondo prestatuta ez dagozanentzako egokitua, jan-edana banatuko dan tokitik helmugara zuzentzen dana. Gainera hemendik be bisitatzen diran bi errotetara sartzeko aukerea izango dabe: Errotabarrira —helmugara bidean— eta Olabarrira, azken hau helmugatik 300 bat metrora dago eta.
Urtekerea herriko plazan izango da, goizeko 09:00etan; plazatik, udaletxearen aurretik, abiatuz eta Altziber eta Errotabarri erroten ondotik —azken hau 2015ean zaharbarritu eben Manterolatarrek eta sartu-urtena egin ahal izango da— pasatu ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik egingo dabe aurrera.
Urtegia atzean itxi bezain laster Ibargutxiko errotarako bidea hartuko dabe; hemen, ateak zabalik izango dira, eta gura dabenek kuku bat egin eta errotea lanean ikusi ahal izango dabe. Ibargutxitik barriro Undurragako urtegiaren ertzetik ekingo deutsoe bideari —oraingoan beste aldetik—; presatik 100 metro atxina, Alkiberren, indarrak barritzeko jan-edana banatuko da. Aurrerantzean, lehenengo Otzerinmendi auzunean eta gero Uribeko kofradiako lurretan sartuko dira ibiltariak, eta Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibargo erroten ingurutik igaro ostean, azken kilometroa betetzen hasiko dira; helmuga baino 300 bat metro lehenago ibilbideko azken errotea azalduko da, Olabarrikoa —Pujana familiak guztiz zaharbarritua— eta hemen be sartu-urtena egiteko aukerea izango da, Zeanuriko plazara heldu eta ibilaldiari amaierea emon aurretik.
Ibilbidea burutzerakoan, 14 kilometro eroango dabez oinetan ibiltariek, baina ziur zitari erantzuteak mereziduko deutsela, erroten ondare historiko-etnografikoa ezagutzeaz gain, udabarrian naturak azaltzen dauan koloreen sinfoniaz gozatzeko aukerea izango dabe eta. Ibilbidean zehar zazpi errotaren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan —Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko, eta errota osatzen daben atalak bertatik bertara ezagutzeko aukerea izango dabe.