zinema

'No Other Land' dokumentala proiektauko da Zeanurin

Asier Abrisketa 2025ko api. 9a, 10:40

Oscar sariaren irabazlea dan eta Zisjordaniako okupazinoa kontetan dauan dokumentala barikuan egongo da ikusgai Eguzkiolan, 19:00etan.

Zeanuriko Eguzkiola alkarteak antolatuta, aprilaren 11n pil-pilean dagoan gai baten inguruko dokumental proiekzinoa egingo da. Dokumentala gainera, ez da edozein, izan be, dokumental onenaren Oscar saria irabazi barri dau No Other Land filmak. Basel Adra, Hamdan Ballal, Yuval Abraham eta Rachel Szor zuzendarien lana da hau eta Ballal-ek, lehen eskutik sufridu dau Zisjordaniako okupazinoaren kontaketea egitea, kolonoek oin gitxi atxilotu eta jipoitu eben-ta.

Oscar saria irabazlea eta urteko dokumental garrantzitsuenetarikoa da No other land. Erresistentzia ariketa bat, Palestinaren eta Israelen arteko gatazkarako justizia bilatzeko bidean. Momenturik txarrena bizi dauan gatazka historiko batean sakontzen dau , geruzak, gizatasuna eta une honetan izan daitekean itxaropen gitxia batzean dituen film batean.

"Basel Adra, Zisjordaniako Masafer Yatta-ko ekintzaile palestinar gaztea, haurtzarotik ari da Israelgo agintariek bere komunidadea masiboki kanporatzearen aurka burrukan. Bere jaioterriko herriak kamara geldoan erauztea dokumentatzen dau, non gobernu israeldarrak bialdutako soldaduek pixkanaka etxeak eraitsi eta bertako biztanleak kanporatzen dabezan. Halako batean, Yuval kazetari israeldarra ezagutuko dau, bere ahaleginetan laguntzen deutsona", dino sinopsiak.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!