Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldeak abenduan estreinau eban Momotxorroak, kaos baten istorioa dokumentala, Altsasuko inauterien berreskurapenaren gaineko kontaketea egiten dauana. Zezeilean Diman ikusgai egon ostean, bihar, martiak 14, Zeanuriko Kultur Etxean proiektauko da dokumentala, 19:00etan. Proiekzinoaren ostean, dokumentalaren eta honek kontetan dauan istorioaren gaineko berbaldia egingo da.
Baina zein arrazoi dago, galdakaoztar jantzariek Altsasuko aratusteen gaineko dokumentala egiteko? Honeek berreskuratu ebelako tradizinoa. Izan be, Altsasuko inauteriak XX. mende hasieran itxi ziran egiteari baina 1976. urtean, Juan Antonio Urbeltzen ekimenez Andra Mari taldeko hainbat kide inauteri honen ikerketan murgildu ziran eta hurrengo urtean, Altsasuko Momotxorroen ikuskizuna aurrera ateratea lortu eben.
Ikuskizun hau 1978an plazaratu eben Altsasun eta honek, herritarren kontzientziak astindu ebazan. Holan, altsasuarrak lanean hasi ziran euren inauterietako izaki eta jantzak berreskuratuteko asmoagaz. Holan, 1982an urten ziran barriz Altsasuko Momotxorroak euren herriko kaleetara eta ordutik, antxina lez, ezinbesteko osogaia dira herriko aratusteen ospakizunean.