San Balendin egunaren hurrengo domekan, zezeilaren 16an, Zeanuriko Elizondo auzoan sanbalendinak ospatuko ditue aurten be. Tradizinoagaz jarraituta, Andra Mari parrokian mezea entzun ostean, San Balendinen irudiari agurra jantzatu eta prozesinoan eroango dabe zeanuriztarrek, datorren urtera arte irudia han ixteko. Gero, oin dala 66 urte landatu zan ermitearen aurrean dagoan artea neurtuko dabe, urtero lez.
Artea neurtuteko eta prozesinoa egiteko tradizinoa 2007an berreskuratu zan, 1999tik etenda egon ostean.
Neurketearen aktea sinatu eta jarraian, aurtengo maiordomoa izan dan Igor Intxaurragak, hurrengoari pasauko deutsoz agiri-liburua eta ermitearn giltza, 91 urteko Iñaki Lejarzari. Bera izan zan parrokiako atzen kanpaijolea eta hau omenduteko, bere semeak diran Pedro eta Jose Antonio Lejarzak joko ditue eskuz kanpaiak.
Ekitaldia barauskarriagaz amaituko da, bedeinkatutako pamitxea, urdaia eta ardaoa zerbitzauko ditue hurreratutakoen artean. Hau girotuteko, herriko txistulariek ipiniko dabe musikea eta Arkaitz Estiballes bertsolari zeanuriztarrak kantau egingo dau.
Egitaraua
- 11:00etatik 11:30era, kanpandorrera igon eta kanpaiak eskuz joteko aukerea.
- 11:30ean, mezea.
- 12:00etan, San Baldendinen irudia Piedadeko ermitara prozesinoan eroan, Arrikibar jantza taldearen agurra eta pamitxen bedeinkapena.
- 12:15ean, Piedadeko artearen neurketea eta maiordomoari agiri liburua eta ermitako giltzak emotea.
- 12:30ean, barauskarria urdai, ardao eta pamintxeagaz, herriko txistulariak eta Arkaitz Estiballesen bertsoak.