Bihar, abenduak 28, Gilkitxaro Antzerki Taldeak Lutxo Egiak landutako Identitarteak antzezlana taularatuko dau Zeanuriko Kultur Etxean, 19:00etatik aurrera. 2016an Cafe Bar Bilbao Teatro Laburreko saria jaso eban. Obreak antzerkiaren eta identidadeen gaineko hausnarketea proposatuten dau. Lutxo Egia idazle bilbotarrak eskarmentua dauka gai honeen inguruan,Transitoak eta Transitoak II performanceak be sortu ebazan-ta.
Gilkitxaro
Gilkitxaro antzerki taldeak 1996an hasi eban bere ibilbidea Deustuko Gaztetxean. Orduan gazte kuadrilla batek osotuten eban kolektiboa, baina oin, Ane Zabala eta Galder Perez geratu dira taldeko kide egonkor lez. “Askatasuna eta komedia dira taldearen egiteko motoreak. Askatasuna sormenenean eta antzezteko unean, egitura komertzial edo instituzionalakaz lotura bakoa. Askatasuna, justizia sozialagaz batera izaten da lanen ildoa, komedia landuz. Komedia, ikusleengana hurreratzeko tresnarik eraginkorrena dala sinisten dabelako” dinoe taldekoek euren webgunean.