Arratiako enpresek Arratiako talentua topatzeko eta erakartzeko daukien zailtasunak dala-ta sortu zan azoka hau, Errota eta Zulaibar Arratiako Lanbide Ikastegiaren eskutik. Azokaren helburua, bertoko talentua berton geratzea da. Zemendiaren 29an, 09:30etik 13:30era izango da Enplegu Azoka Zeanurin, Zulaibargo Campusean.
Arratiako enpresa, egoitza edota entidadeek ipiniko dabe mahaia, euren enpresearen barri emoteko: zer egiten daben eta zer behar daben, hain zuzen be. Beste aldetik, Arratiako ikasle eta langile, gazte zein heldu etorri daitekez euren kurrikulumakaz, Arratiako enpresak ezagutu eta kurrikulumok entregetako. Aurten datozan enpresetako batzuk be jente bila dagozala dino Kizkitza Aurrekoetxea Errota Fundazinoko koordinatzaileak. Zulaibargo ikasleek Arratiako enpresetan egiteko praktikak be erabilten da azoka hau.
Igaz hamabost enpresek hartu eben parte eta aurten be, enpresa ugariren parte hartzea baieztu dabe Errota eta Zulaibarrek: BATZ, Comecaran, Piedade Ondo egoitza, Ormazabal, Arratiako egoitza, Cementos Lemona, Jandoniz egoitza, Egoin Wood Group, Laser Norte, IMQ aseguruak, Ilunbe, Tresnak, Walter Pack, Alfe Cutting, ULMA eta Aldalan. Errotak be eukiko dau bere mahaia, jenteak Errotak zer egiten dauan jakitera emoteko eta Errotan praktikak, Arratiako gazteek egitea gura dabelako. Baita “epe laburrean kontratazinoren bat egiteko asmoa daukagulako” dino Aurrekoetxeak.
Enplegu jardunaldia abenduan
Abenduaren 10ean, enplegu jardunaldia egingo da Igorreko Kultur Etxean, Beharbide Igorreko enplegua buztartuteko proiektuak antolatuta. Azokan legez, goizean (10:00etatik 15:00etara) zehar hainbat enpresa egongo dira bertan, behargin potentzialei euren enpresak aurkeztuten. Grupo SSI, BATZ, Ormazabal, Grupo Alliance, Walter Pack eta Ilunbe dira bertan egongo diran enpresak.