LIBURUA

Mikel Urkixok bere liburua ‘Euskal Herria underground’ aurkeztuko dau etzi Zeanurin

Bea Azpiri 2024ko aza. 20a, 10:51

Euskal Herria underground. 1986-2015 bidaia elektroniko bat (Ediciones Beta, 2024) musika elektroniko undergroundaren gainean argitaratu barri dauan liburua aurkeztuko dau egileak etzi, hilak 22, 18:30ean, Zeanuriko Eguzkiola Kultura Alkartearen egoitzan.

Liburuak musika estilo horren 14 protagonistaren testigantzak jasoten ditu, musika elektroniko bazterrenekoenak egin dauan ibilbidea jakitera emoteko.

Urkixoren bigarren liburua da hau. Aurretik Hustu Artekoak (Erroteta, 2022) poesia liburua argitaratu eban. Zeanurin aurkeztuko dauan liburuaren gainean BEGITUri emondako alkarrizketea irakurri daiteke BEGITU aldizkarian, 438 zenbakiko 20. orrialdean.

Sinopsia
“2001eko domeka anonimoa. Amaitzear da mundu analogikoa. Galduta dauka burrukea. Gazteetako batek jantzan jarraitzen dau, Imanol Salvador Ima Intermusicek gau horretan Pagoa klubean ipini dauan atzen diskoa gogoan. Ezin kabidurik. Zoroen pare egiten dau jantza. Lehen orduko izpiakaz batera mobiduten dau gorputza. Modu arritmikoan. Gazteak oindino ez daki Richie Hawtinen Minus-Orange1 dala-ta, burmuineko arrakaletan gora, barruak aldrebestu deutsazan kantuak”.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!