MENDI MARTXEA

Zeanuriko Ermiten XXV. Mendi Martxea urri lehenengoaren 7an izango da

Bea Azpiri 2024ko abu. 22a, 09:33

Santa Lutzi. Argazkia: Jon Urutxurtu.

Hiru ibilbide dagoz aukeran, 37 km-koa, 28 km-koa eta 15 km-koa. Urtekerea 07:30ean izango da plazatik eta ibilbide luzea egiten dabenak 19 ermita edota eleizaren ingurutik pasauko dira.

Izena egunean bertan emon daiteke plazan 06:45etik aurrera, edo urri lehenengoaren 2ra arte, BBK-ko kontu zenbaki baten ordainduz.

Zeanurin parrokia bi eta hamazortzi baseleiza aurkitu daitekez udalerria osatzen daben zazpi kofradietan sakabanatuta.

Ermitarik ermita, 37 kilometro
Urteerea herriko plazan izango da. Elizondo auzunean, Piedadea izeneko ermita eta Andra Mari parrokiatik pasauko dira ibiltariak. Gero, Asterria kofradietako lurretan, Santa Kurutz ermitea eta Ogarabeiti auzotik Ogaragoiti auzora igoz, San Andres ermitea dago. Zeanuri eta Dima arteko mugan, San Blas: ermitea Dimako partean egon arren, Zeanuriko Ibarguen kofradiaren jaubetza da.

Aurrera egin eta ibiltariak ermita bi topauko dabez Altzusten; San Migel eta Santa Lutzi. Gero, Undurraga urtegia eskoian itxita, Arratia ibaia zeharkatu ostean, San Pedrotik pasau eta Ipiñaburun, Santaiago, Zeanuriko bigarren parrokia eta San Adrian eta Santa Ageda ermitak dagoz, eta Altzuan, San Juan, XV. mendeko ermitea. Altzua kofradiatik Otzerinmendi kofradiara zuzentzen dan pistatik 20 bat minutu ibili ostean, San Justo azaltzen da haresdui zoragarri baten erdian.

San Justo zeharkatu eta gero, San Lontzo agertzen da. Jarraitu eta Uribe kofradian, hiru baseleiza dagoz: San Migel, San Urban eta San Pedro, hirugarren hau, Axpeko jauregiaren jaubetza. Ibilbidearen helmuga dan plazan, ibiltariek San Isidro eta bere aurrez aurre San Antonio ermitak topauko ditue.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!