Andra Mari eguneko goizean zehar, Zeanuriko Udalak eta Bizkaiko Gaiteroak alkarteak antolatuta, dultzainari buruzko argazki erakusketea egon zan ikusgai plazako pelotalekuan eta dultzaineroek eta Markina-Xemeingo erraldoiek herriguneko kaleak animau ebezan kalejira eginez.
14:00etan, Enrike Etxebarria eta bere aita Basilio dultzaineroak omentzeko ekitaldia egin zan. Bizkaiko Gaiteroak alkarteko Jon Gamindek eta herriko alkateak emon eutsezan oroigarriak Enrikeri eta bere bi ahizteari, honeek aitaren ordezko moduan. Oroigarria jaso ostean, Enrikek bere metalezko dultzaina hartu eta hirulau pieza eskaini eutsan Zeanuriko plazan bildu zan jenteari, entzuleek txalo zaparradeagaz erantzuten eutsien bitartean.
Basilio Etxebarria (1899-1982) Uribeko Zuloa baserrian jaio zan eta auzune bereko Lexartza baserrira ezkondu zan Felisa Lejarzagaz, 1929. urtean. Basilio ofizioz artzaina izan zan Gorbeian, baina dultzaina be joten eban auzuneetako erromerietan. Artzaina izateaz gain, 1960. urtetik Arrabako aterpea edo “Botxoa” jagoteaz be arduratu zan.
Enrikek (1943) aitaren lanbideari eta afizinoari jarraipena emon eutsen: ofizioz artzain eta afizinoz dultzaineroa. 14 urtegaz, eskola itxi eta artzain lanetan hasi zan aitagaz eta 1992. urtera arte Arrabako aterpearen ardura be eroan eban.
Bizkaiko Gaiteroak alkarteak, Gureak gogoan, kateak ez hausteko lelopean, joan dan gizaldiaren hasierako zortzi gaitero gogoratuko ditu aurten: Juan Bilbao, Mañarian; Patxi Bilbao, Diman; Juan Aiesta, Bedian; Teofilo Maruri, Aulestin; Lucas Sainz Matxakito, Zallan; Basilio eta Enrike Etxabarria, Zeanurin; eta Simeon Iragorri, Usansolon.