Luis Mari Goioagak undurragaztarrak jantzi eban txapela, lauko jaurtiketa bategaz. Bigarren eta hirugarren lekuetan Gotzon Erkiaga eta Eusebio Larrazabal sailkatu ziran. Finalera heldu ziran bolarien artean andrazko bat be baegoan: Dorleta Goioaga, irabazlearen arrebea.
Txapelketako bolaririk beteranoena 87 urteko Esteban Ozerinjauregi altzuarra izan zan eta gazteena 13 urteko Gotzon Erkiaga uribeztarra, gainera azken honek egin eban bigarren.
Aitagarria da bola jokoa barru-barrutik bizi dauan Esteban Ozerinjauregiren kasua. 87 urtegaz finalerako sailkatu zan, Undurragan eta Ipiñaburun lehen tokia eskuratuz. Urtero hutsik egin barik auzune guztietako bola txapelketetan parte hartzean dau ilusino handiagaz, umetatik bizi izan dauan joko bat da eta. Adinagaz indarra galdu badau be, goi mailako teknika dauka.
Dorleta Goioaga eta Igone Lejarza andrazkoetan
Herri mailako andrazkoen txapelketarik ez bada jokatzen be, Undurragann eta San Lontzon auzune mailako txapelketak jokatu ziran. Undurragan Dorleta Goioaga izan zan irabazlea eta San Lontzon Igone Lejarza.
Zeanuriko bolarien hurrengo hitzordua Altzustan izango da urri bigarrenaren 5ean, San Migel jaietako egitarauaren barruan. Kofradien arteko taldekako txapelketea jokatuko da: udalerria osatzen daben zazpi kofradietako ordezkariek hartuko dabe parte, talde bakotxa lau bolarik osatuta.