Berbaldia

'Sexu aniztasuna hirietatik at' berbaldi-tailerra egingo da Zeanurin

Asier Abrisketa 2024ko eka. 5a, 09:25

Eguenean, hilak 6, 18:00etan izango da Hiruki Larroxako Garazi Beramendik gidatuko dauan ordu biko saioa Kultur Etxean.

Mazala Andra Taldeak antolatuta, Zeanuriko Udalaren laguntzeagaz, herri txikietako LGTB+ komunidadearen gaineko berbaldi-tailerra antolatu dau: Sexu aniztasuna hirietatik at. Saioa bagilaren 6an egingo da Zeanuriko Kultur Etxean, 18:00etatik 20:00etara. Hiruki Larroxa, transfeminismoa oinarri hartuta jendarte eraldaketarako pentsamentu kritikoa sustatzea bilatzen dauan kooperatibako kide dan Garazi Beramendi Alvaradok gidatuko dau saioa.

Formakuntza hau LGTB+ persona gehienak herrietan "sortu, hazi eta bizi(raun)" dirala eta gero, hirietara joateko hautua , "sexilioa", egin daben tesitik abiatzen da. Arazoa, herri txietako "dinamika itxiak" eta "sexu eta genero aniztasunak urteetan sortu dauan hausnarketa eta praktikak herrietan be egitea falta" dala da. Beraz, hurrengo galderei erantzun bat topetan saiatuko dira saioan: "Zerk egiten dau LGTB+ pertsonok herriak ixteko hautua hartzea? Zergaitik egiten dogu ihes hirietara? Zergaitik da hain garrantzitsua geure komunidadeak herrian bertan sortzea?"

Metodologia

Formakuntzak ordu biko iraupena izango dau. Hasteko, testuinguru orokorretik eskualdeko errealidadera gerturatzeko hitzartea hartuko da; gero, ondorio eta erronkak eztabaidatzeko dinamika parte-hartzaile bat egingo da. Helburua, eskualdea "LGTBI+ personentzako herri bizigarri eta berdinzaleagoa" izatea dalarik.

Holan, hurrengo gaiak landuko dira:

  • Herri txikietako LGTB+ errealidadeen ikusgaitasunaren garrantzia.
  • LGTB+ personen parte-hartze sozio-komunitarioa.
  • Herriak LGTB+ personentzako bizigarriak izan daitezan udal politiken diseinuaren beharrizana.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!