Zapatuko azoka egun jentetsuaren pasauta, maiatzaren 15ean, eguaztena, ospatuten da San Isidro eguna. Egitaraua xumeagoa da, herrikoentzako pentsautakoa, eta holan amaituko dira aurtengo sanisidroak. Abuztu erdialdera arte, Zeanuriko jaietara arte hain zuzen be, deskantsua egiteko aukerea izango dabe zeanuriztarrek.
Goizean, 11:30etik aurrera, herriko txikerrenek egurrezko jolasakaz gozatuteko aukerea izango dabe plazan. Bitartean, 12:00etan, mezea ospatuko da herriko sarreran dagoan San Isidro ermitan. Hau amaituta, Arrikibar jantza taldearen emonaldia egongo da, herriko txistularien musikeagaz.
Arrastian ostera, 18:00etan, idi-probak egongo dira ikusgai plazako frontoi atzeko probalekuan. Hiru idi parek hartuko dabe parte. Josu Luis Ormaetxea zein Iñaki Vidaurrazaga zamudiotarrenak eta Gotzon eta Lander Plaza maruritarrenak, hain zuzen be.