jaiak

Zeanuriko Udalak Martiko jaie antolatu dau hilaren 16rako

Asier Abrisketa 2024ko mar. 8a, 10:28
Zaparra taldearen kontzertuak zarratuko dau Martiko jaiaren egitaraua.

Herri bazkaria, pala eta frontenis partiduak, poteoa eta gauez, kontzertuak egongo dira frontoiko tabernan. Bazkarirako txartelak, astelehenera arte lortu daitekez jubiladuen tabernan.

Zeanuriko Udalak, Jokin Larrakoetxea zinegotziak azaldu dauanez, "herriari bizitasun apur bat emoteko" antolatu dau Martiko jaia datorren zapaturako, hilak 16. Eguerdian, herri bazkariagaz hasiko da jaia eta gauez, kontzertuak, Mixerableak eta Zaparra taldeak, egongo dira egun osoan zehar zabalik egongo dan frontoiko tabernan. Bazkarirako txartelak 15 eurotan lortu daitekez jubiladuen tabernan, hilaren 11ra arte.

Arrastian barriz, 18:00etatik aurrera, frontoian bertan egongo da giroa, jokatuko diran pala eta frontenis partiduen inguruan. Izan be, Udalak Maialen Landajo pala jokalariari omenalditxoa egin gura izan deutso. Holan, palan arituko dira Maialen Landajo eta Maialen Rodrigez, Maialen Bengoetxea eta Irati Saez-en kontra. Frontenisean ostera, Mikel Izurza eta Imanol Urigoitia, Jokin Larrakoetxea eta Gorka Unzuetaren aurka. Partiduak amaituta, poteo musikatua egingo da herritik.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!