Domekan izango da San Balendinen aldeko jaia Eleizondon

Asier Abrisketa 2024ko ots. 16a, 09:59

65. urtez neurtuko da Piedadea ermitako artea eta omenaldia egingo jako Nestor Basterretxeari, eleiza eta ermita arteko kurutzearen egileari.

San Balendin egunaren osteko domekan, zezeilak 18, ospatuko da Zeanuriko Andra Mari parrokiaren eta Piedadea ermitearen artean, santuaren aldeko ospakizun erlijiosoa. Urtero lez, mezea eta santuagaz prozesinoa egingo da templu bien artean eta ermita aurreko artea neurtuko da. Horrezaz gainera, Nestor Basterretxea artista bermeotarra gogoratuko da, kanpoko kurutzearen egilea.

Egitaraua 11:30ean hasiko da, Andra Mari parrokiako mezeagaz. Hau amaituta, San Balendinen irudia ermitara mobiduko dabe prozesinoan. Bidean herriko umeek agurra jantzatuko deutsie eta gero, ermitan egongo da irudia hurrengo urtera arte. Santua bertan itxi ostean, artea neurtuko dabe eta akta sinatuta, Itsasne Atutxak oin arteko maiordomoak, Igor Itxaurragari pasauko deutsoz agiri-liburua eta giltza. Amaituteko urdaia, pamitxea eta ardaoa zerbitzauko dira Arkaitz Estiballesen bertso eta txistularien doinuen artean.

Nestor Basterretxeari omenaldia

Nestor Basterretxea artista bermeotarrak aurten ehun urte beteko ebazan eta berak egindakoa danez, Eleizondoko kurutzea, omenaldia egingo jako domekan. Kurutzea, Gorbeiako kurutzearen mendeurrena ospatuteko Zeanuriko Udalak Nestor Basterretxeari egindako enkargu bat da, 2003an inaugurau zana. Andra Mari parrokia eta Piedadea ermitearen artean dago kokatuta, Gorbeiako Kurutzera begira. Basterretxeak inaugurazino egunean adierazo ebanez, "eskultureak lekuaren sakratutasuna indartzen dau". Korten altzairuzkoa da; sei metroko altuerea eta bi mila eta larehun kilo inguruko pisua daukaz, eta barrutik hutsa da.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!