Bihar goizean, hilak 13, izango da jaietako ekitaldi nagusia eta Arratiatik kanpo be izen handia lortu dauan Abere, Artisau eta Nekazal Produktuen Azoka. Bertan, 80 behi inguru, 30 txahal, 62 behor eta hainbat ardi eta ahuntz talde erakutsiko dira. Baserriko produktuak be egongo dira salgai, txakolina, sagardaoa, ogia, pastelak, gaztaia, eztia, txorizoa, ortuariak eta lorak, besteak beste.
Azokan, Enrique Etxebarriak erakutsiko dau gaztaia egiten, Mikel Etxebarriak ardiak eskiletan eta artxo txuleta dastaketea be egongo da. Abere ederrenek saria izango dabe eta sari banaketea 13:00etan izango da plazan. Herriko txistulariek eta trikitilariek girotuko dabez plaza inguruak goiz osoan zehar.
Arrastian, Sakatu elektrotxarangea egongo da 18:30etik aurrera eta 22:30ean, erromeria Lehian taldeagaz eta ostean dj Kanyn-ek animauko dau giroa.
Herri kirolak eta idi-probak
Zapatuan ganadu feria protagonistea izango dan moduan, domekan herri kirolek eta, astelehenean idi-probek hartuko dabe protagonismoa.
Herri kirolen aurretik, 17:00etan, Tor eta Txoborro magoek Aztikeriak ikuskizuna eskainiko dabe plazan. Ondoren, 18:30ean, hasiko dira herri kirolak: Urrezko Aizkolarien XXVI. Banakako Txapelketa Eusko Label sari Nagusia, Andra Aizkolari Txapelketa, Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa eta Andra Mailako Harrijasotze Erakusketa, hain zuzen be.
Astelehenean, San Isidro egunean, 11:30ean, Zirku tailerra egongo da plazan.; 12:00etan, meza nagusia San isidron eta 13:00etan, Arrikibar jantza taldearen emonaldia. Arrastian, izango dira idi-probak 17:30ean hasita. Hiru idi parek egingo dabe erakustaldia: Berriatukoa Lorea Arano Etxebarria eta Roberto Erkiaga Iriondorenak, Zornotzako Ibon Solagurenen idi pareak eta Maruriko Jon Ander Zornotzarenak.