memoria historikoa

Aranzadik Gerra Zibileko gudari bat desobiratu dau Zeanurin

Asier Abrisketa 2023ko apirilaren 27a

Desobiratze lanak aprilaren 23an // Facebook: EAJ Arratia

Hazur bat, munizinodun kartutxo ontzia eta aluminiozko basu eta sardexka bana topau ebezan domekan Larragan mendian.

86 urte bete dira, 1937an Gerra Zibilaren iparraldeko frontea Barazar eta inguruan egon zanetik eta oindino be, gorpuak agertuten segiduten dabe. Aprilaren 23an, domekea, Aranzadi Zientzia Elkarteak indusketa bat egin eban Zeanuriko Larragan mendiaren ipar-mendebaldeko aldean eta gorpuzki batzuk topau ebazan, hainbat objetugaz.

Gudari biren bila joan ziran Aranzadikoak, gudari bien familiakaz, eta gorpuzki bakarra topau eben: hazur-hondar bat. Honegaz batera, munizinodun kartutxo ontzia eta aluminiozko basu eta sardexka bana agertu ziran. Objetu honeek frogatzen dabe Euzkal Gudarosteko gudari baten gorpua dala, "bat datoz Euzkadiko Gudarosteak bere gudariei emoten eutseezan ezaugarriakaz" azaldu dabe Aranzaditik.

Desobiratzean, Eider Ajuriagerra Zeanuriko alkatea eta udalbatzako kideak, tartean Nahia Urrutxua EH Bilduko alkategaia eta Arkaitz Estiballes zinegotzia, EAJko Iñigo Iturrate eta EH Bilduko Julen Arzuaga legebiltzarkideak, Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko kideak eta memoria historikoaren elkarteetako kideak egon ziran. Lemoako eta Arteako EAJko alkategaiak be izan ziran, Esther Iturrioz eta Alberto Intxaurraga.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!