dokumentala

'GR-282 Artzaintza naturbidea' dokumentala egin dau Aitor Intxaurragak

Asier Abrisketa 2023ko ots. 24a, 16:50

Aitor Intxaurraga, kamarea eskuan.

Artzaintzari esker mantenduten dan naturea erakutsi gura izan dau zeanuriztarrak, “paisaia eder, ikusitakoa, entzundakoa, ikasitakoa eta sakoneko hausnarketen” bitartez kontau dauana.

Aitor Intxaurraga zeanuriztarra Gorbeiako Zastegi Txabolearen jaubea da eta inguruan GR-282 bidearen kartelak ikusten ebazan, zer dan jakin barik. Hortik tiraka hasi eta atzenean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Burgosetik pasetan dan 492 kilometroko artzain bideari buruzko dokumental bat grabetan amaitu eban. Emoitzea, “artzainei esker daukagun naturearen” erakusketa bat izan da, “paisaia ederrak, ikusitakoak, entzundakoak, ikasitakoak eta neure sakoneko hausnarketek” osotuten dabena.

GR-282 Artzaintza naturbidea ezetu eta animau zan Intxaurraga beti gura izan dauan dokumentala egitera; izan be, bideoak grabetea gustetan jako, bidaietan batez be. Aurrera egiteko bidelaguna behar ebala eta, broma lez bota eutsan ideia Victor Luis de Pedrori, Kanariar irletan behin bakarrik ikusi eban gizonari. Honen erantzunak sorpresaz harrapau eban:  “Noz hasiko gara?”. Bidelagun eta dokumentaleko protagonista izan dana “tipo xelebre eta jakintsua” dala dino Intxaurragak.

Aitor Intxaurraga eta Victor Luis de Pedro.

Holan abiatu ziran biak 2022 urteko maiatzean GR-282a egitera. Hemeretzi etapatan dago zatituta ia 500 kilometroko artzainbidea baina honeek, hamabost egunetan egin eben. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Burgos zeharkatu eta zortzi parke naturaletik pasau ziran, baita etxeko Gorbeiatik be.

Baso, mendi eta erreka ugari ikusi ditue baina herrietatik be pasau dira ermita, baserri eta jauregiak ikusita: “Patrimonio historiko eta kultural piloa dago bidean”. Dokumentalak GR-282 bideari bultzada bat emoteko be balio izatea espero dau. Izan be, merezi dauala uste dauan arren ibilbidea ez da ezaguna eta jente gitxik egiten dauz etapak. Hori dala-ta, bidean “azpiegitura falta” dagoala azpimarratu dau Intxaurragak, ostatu falta batez be.

Emonaldiak martxan

Hasikera batean emonaldiak egiteko intentzinorik ez eukan arren, lagun baten bitartez Gasteizen proiekzino bat egiteko konbitea heldu jakon Intxaurragari. Animau zan eta aretoa beteteaz gainera, ikusleei gustau jakiela azaldu dau dokumentalgileak. Daborduko, sei emonaldi egin dauz eta zazpigarrena Oñatin izango da hilaren 24an, Ingurumen Jardunaldien egitarauan. Etxetik hurbil egiteko be prest dago, kirol, kultur zein bestelako ekintzetan.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!