Artea neurtuko dabe Eleizondon sanbanlendinak ospatuteko

Iñigo Irua 2023ko ots. 10a, 16:35

San Balendin aurreko domekan jaia ospatuko da Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezetuten dan ermitearen inguruan.

Urtero legez, egitarau apala baina bitxia antolatu dabe eleizondotarrek: 11:30ean mezea izango da Andra Mari parrokian; meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan, datorren urtera arte bertan ixteko, eta jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutsie. Neurketearen aktea sinatu eta gero, aurtengo maiordomoak, Rosi Ipiñazarrek, maiordomo barriari, Itsasne Atutxari, agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsaz. Ostean, barauskarria —urdaia, pamitxea eta ardaoa— bananduko da bertara hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien soinuen eta bertsolarien kantuen artean egingo dira.

Aitagarria da oin dala hirurogeta lau urte eleizondotarrek hasi eben eta aldi baten bertan behera itxita egon ostean, oin dala hamasei urte berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.

Pedro Lejarza eleizondotarra eta antolatzaileetarikoaren arabera, "Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan, gonbit egunean, batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz... artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratzen zan. Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak egin eban 1999an; papertxo batean zera idatzi eban: "Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50".

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!