auzoak

Eguenetik zapatura ospatuko dira Altzustako jaiak

Jon Urutxurtu, Asier Abrisketa. 2022ko ira. 26a, 16:40
Juantxo Ozerinjauregi bola-jokoan.

Zeanuriko zazpi kofradien arteko Bola Txapelketea Juantxo Ozerinjauregiren omenez jokatuko da aurtengoan, zapatuan 17:30ean.

Zeanuriko Altzusta auzoan datorren astegoienean ospatuko dira sanmigelak, urri lehenengoaren 29tik urri bigarrenaren 1era arte. Lehenengo egunean, eguena, goizean mezea eta osteko kopautxoagaz hasiko dira jaiak. Barikuan barriz, Mus Txapelketea jokatuko da arrastian eta zapatua izango da jai egun nagusia. Eguerdian auzo bazkaria eta gero, Briska Txapelketea eta Zeanuriko kofradien arteko Bola Txapelketea jokatuko dira. Honeek amaitzerakoan musikea egongo da txokoan, txorizo eta urdaia be zerbitzauko dira.

Juantxo Ozerinjauregi gogoan

Urri bigarrenaren 1ean, zapatuan, arrastiko 17:30etik aurrera Altzustako bolatokian jokatuko da Zeanuriko Kofradien Arteko Bola Txapelketea. Bertan igaz hil zan Juantxo Ozerinjauregi gogoratuko da, azken urteotan txapelketa honen arima eta sustatzailea bera izan da-ta.

Udalerria osatzen daben zazpi kofradietako ordezkariak hartuko dabe parte taldeka jokatzen dan txapelketan: Altzuak, Altzustak, Asterriak, Ibarguenek, Ipiñaburu-Undurragak, Otzerinmendik eta Uribek. Taldea 4 bolarik osatuko dabe, bolari bakotxak 6 jaurtiketa egingo dauz, eta taldekide guztiak botatako txirloen batuketea hartuko da kontuan; beraz, txirlo gehien botaten dauan kofradia izango da irabazlea eta bardinketea egongo balitz, gerrea jokatuko litzateke.

Azken txapelketea 2019an jokatu zan, eta COVID-19aren ondorioz urte biko etenaldiaren ostean, aurten barriro berreskuratzen da. Urte haretan Ipiñaburu-Undurraga izan zan irabazlea, bigarren tokian Altzusta sailkatu zan eta hirugarrenean Uribe.

Egitaraua:


Urri lehenengoak 29, eguena
  • 11:00etan, mezea eta barauskarria.
Urri lehenengoak 30, barikua
  • 18:30ean, Mus Txapelketarako izen-emotea.
  • 19:00etan, Mus Txapelketea.
Urri bigarrenak 1, zapatua
  • 14:00etan, auzo bazkaria.
  • 17:00etan, Briska Txapelketea.
  • 17:30ean, Juantxoren omenezko Bola Txapelketea.
  • 19:00etan, musikea, txorizoa eta urdaia.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!