ondarea

Zeanuriko parrokiako organua zaharbarritua izango da

Jon Urutxurtu 2022ko uzt. 21a, 11:52

Hurrengo hamar hilabeteetan Zeanuriko organua entzuteko aukerarik ez da izango, 1910eko instrumentua zaharbarritu egingo dabelako. 

Arratiako parrokietan organu ederrak aurkitu daitekez: Zeanurikoa, 112 urtekoa eta Lope Alberdik eregi ebana; Areatzakoa be Lope Alberdi bat da, eta 109 urte ditu; Bediakoa eta Arteakoa oin dala gitxi zaharbarrituta dagoz, eta Lemoa, Dima eta Igorreko parrokietan be organuak dagoz.

Zeanuriko parrokiako organua Bartzelonan eregi eban Lope Alberdik 1910. urtean, 15.000 pezeta ordaindu eban parrokiak  eta 1910eko abuztuaren 15ean, Andra Mari egunean, inaugurau eben. Organu erromantikoa da, 56 notako bi teklau dituena, gehi 27 notako pedalontzi bat, eta transmisino mekaniko bidez funtzionetan dau. Harribitxia da, Lope-Alberdiren onena, Abadiñoko San Trokaz eta Areatzako San Bartolome parrokietarako eregitakoakaz batera.

Bigarren zahabarritzea

Ez da Zeanuriko organua zaharbarritzen dan lehenengo aldia, 100 urte betetean, 2010ean, eguneratze behar handia egin zan, baina ez zan guztiz zaharbarritu eta azken aldian ez dau funtzionetan izan behar zan moduan. Hori guztia dala-ta, garagarrilean, 112 urte betetear dagoala, organua zainketa intensiboetan sartuko dala esan daikegu. A. Turanzas Organeros enpresa arduratuko da beharrezko lanak egiteaz: batzuk parrokian bertan egingo dabez eta beste batzuetarako, pieza desbardinak enpreseak Igorren daukan tailerrera eroango dabez.

Elementu modernorik ez sartzea da zaharbarritzaileen konpromisoa, ezta jatorrizko eraikuntzan erabilitako materialez bestelakorik be. Jatorrizko larru eta egurrak erabiliko dira, eta kutxan eta fatxadan, kontsolan, teklauan, noten eta erregistroen transmisinoan, sekretuetan, hauspoetan, motor-haizegailuan, haize-ontzietan eta hodietan egingo dira lanak, eta ostean afinau egingo da.

Aurrekontua ia larogei mila eurokoa da, eta Zeanuriko parrokiak ordainduko dau, nahiz eta partikularren edo erakundeen edozein laguntza onartzen dan.

Parrokiako organuak Zeanuriko ehunka herritar lagundu ditu bataioen alaitasunean, hildakoen agurrean, ezkontza eta domeketako mezetan eta herriko abesbatzaren kontzertuetan. Oin 112 urteko organuak hamar hilabeteko atsedenaldia hartuko dau, eta 113 urtegaz itzuliko da guztiz zaharbarrituta.

Lope Alberdi goimailako organugilea

Lope Alberdi (Guategiz-Arteaga, 1869-Barzelona, 1948) 1869ko urri lehenengoaren 25ean Gautegiz Arteagan jaio zan. Bere gurasoek Fonda txiki bat eukien. Hor Akilino Amezua organugileak hartu eban ostatu, Gautegizko parrokiako organuaren muntaia lanak egiten ebazan bitartean. Dirudienez, Lope mutikoa azkarra eta trebea zala konturatu zan Akilino eta organua muntatzeko lan taldean sartu eban.

15 urtegaz eta gurasoen baimenagaz, Amezuak Bartzelonara eroan eban beragaz behar egitera. 22 urte besterik ez zituela, tailerreko buru moduan, Filipinetara bialdu eben instrumentu batzuk muntatzera. 

23 urtegaz Bartzelonan ezkondu zan uri haretan bizi zan Dolores Aguirrezabal durangarragaz eta zortzi seme-alaba euki ebezan, horreetako bat, Antonio Alberdi Agirrezabal, musika sakrako konpositore ospetsua. 

Alberdi XX. mendeko lehen urteetan banandu zan Akilino Amezuarengandik, eta Bartzelonako Gracia pasealekuko 126. zenbakian jarri eban tailerra: Lope Alberdi y CIA.

Lope Alberdi y CIA sinadurapean agertzen dzn lehen instrumentua Bergarako Hirutasun Santuaren Monasterio klaretarrerako eregi eban organua da, 1902an inauguraua.

Ibilbide profesional luzea egin ondoren, Espainia zein nazinoarte mailan, 80 organu baino gehiago eregi zituen, horreetako bat Zeanurikoa.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!