historia

Ehun urte bete dauz "Euleterioren txaboleak"

Asier Abrisketa 2022ko uzt. 8a, 12:06
Euleterioren txabolea, 1922an//Ojanguren.

Zapatu goizean, Zeanuritik oinez igon eta omenaldia egingo jako Euleteriori, Egiriñaoko aterpearen mendeurrenean.

1922ko garagarrilaren 9an inaugurau eban Euleterio Goikoetxea zeanuriztarrak Egiriñaon (Gorbeia) Euskal Herriko lehenengo mendiko ostatua. Gertaerea gogoratu eta iniziatiba horren sortzailea omenduko dau Zeanuriko Udalak. Beste batzuen artean, gaur egun aterpearen jaubeak diran hiru mendi taldeen ordezkariek be hartuko dabe parte ekitaldian: Arnotegi Mendi Taldeak, Bilbao Alpino Clubak eta Juventus S.D.-k.

Gorbeiako artzainak Egiriñaoko aterpearen aurrean, 1934an//Felipe Manterola

Euleterio Goikoetxea, Gillerma Uriarte emaztea eta familiako kideak, 1920//Felipe Manterola

Holan, ehun urteak ospatzeko egitaraua prestatu dau Zeanuriko Udalak garagarrilaren 9an. Goizeko 09:00etan Zeanuriko plazan alkartzeko deia zabaldu dabe. San Justoko bide tradizionaletik gora igongo dira Egiriñaora (1.200 m). Ordu bi eta erdiko ibilaldiaren ostean, 12:00etan hasiko da Euleteriori eta berak sortutako aterpeari buruzko oroitzapen ekitaldia. Aterpean plaka oroigarri bat ipini eta Euleterioren txabolan abestia kantauko dabe danon artean. Zeanurira 13:00etan hasiko dira bajatzen.

Irakurri Jon Urutxurtuk Euleterio eta aterpeari buruz idatzitako erreportaje osoa Begitu aldizkariaren 387. alean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!