txapelketak

Ortu eta balkoietako edertasuna sarituko dau Zeanurik

Asier Abrisketa 2022ko eka. 30a, 10:35

Zeanuri Loran Txapelketan pisu eta etxeetako balkoiak balorauko ditue eta Ortuen Txapelketan barriz, soloen itxurea eta lanketea.

Ortuetan egiten dan lana erakusgarri egin eta saritzeko helburuagaz, Zeanuriko Udalak Ortuen Txapelketea ipiniko dau martxan lehenengoz garagarrilean. Abuztuaren 10era bitartean, epaimahaikoak abisau barik pasauko dira herriko ortuak ikusten. Bertan, ongarri natural edo biologikoen erabilpena, lurra ondo jorratuta izatea, soloa era tradizionalean lantzea, landare bariedadea, etxeko hazien erabilpena, garbi-ikuzia eta ortuaren antolamentua balorauko dabez. Andra Mari jaietan egingo dabez publiko irabazleak: 200 euro jasoko dauz lehenak eta 100 bigarrenak.

Bigarren txapelketea, Zeanuri Loranen laugarren edizinoa izango da. Garagarrilaren 15era arte pasauko dira epaimahaiko kideak herriko pisu eta etxeetako balkoi eta sarrerak ikusten. Kasu honetan zainketa eta mantenimentua, originaltasuna, lorakaz egindako konposizinoak, bariedade, kalidade eta loreen iraunkortasuna eta espazioen zein elementu osagarrien egoerea eukiko dabez kontuan. Pisu eta etxeko balkoi politenek 200 euroko sari bana eukiko dabe. Bigarren sari bat be egongo da kategoria bakotxean, 100 eurokoa.

Argazki lehiaketea

Aurtengoan, Argazki Lehiaketea be egongo da, 2023ko herri-egutegia betetzeko. Izan be, bertan ipiniko ditue hamabi argazi onenak. Horreetako egile bakotxak 100 euroko saria be jasoko dau. Argazkiok abenduaren 1era arte jasoko dira harrera@zeanuri.eus helbidean.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!