ondare historikoa

Bueltan dago Zeanuriko Erroten Ibilaldia

Asier Abrisketa 2022ko mai. 7a, 17:37

Urte biko etenaldiaren ostean, maiatzaren 8an izango da hamazortzi kilometrotan bederatzi errota ezetetuteko ibilbidea. 

Maiatzaren 8rako prestatu dau Joko Alai alkarteak 2022ko Zeanuriko Erroten XV. Ibilaldia. Goizeko 09:00etan urtengo dira ibiltariak udaletxe aurretik. Antolatzaileek adierazoten dabenez helburuak hasikerako berberak dira: "Alde batetik, herritarrei zein kanpotik hurreratzen diran bisitariei Zeanuri eta bere auzoak ezetuten emotea; bestetik, Zeanuriren historian errotek izan daben garrantzia ezetu arazotea eta azkenik, domeka goiza natureagaz hartu-emonetan eta kirola eginez pasetako aukerea eskaintzea".

Zeanurin hamazortzi errota ezetuten badira be, ibilbidean zehar bederatziren ondotik igaroko dira ibiltariak. Horreetako hirutan —Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko aukerea be izango dabe. Errotak ikusteko, ibilbide bi antolatu ditue aurten, bata 18 kilometrokoa eta bestea 12 kilometrokoa. Bidean, jan-edana be egongo da, Gastronomía Cantábricak banatuta.

Bisitetan diran hiru errotak: Errotabarri, Ibargutxi eta Olabarri

Ibilbidean zehar bederatzi errotaren ondotik igaroko dira ibiltariak eta hirutan —Errotabarrin, Ibargutxin eta Olabarrin— sartu-urtena egiteko, errotea lanean ikusteko eta osatzen daben atalak bertatik bertara ezetuteko aukerea izango dabe.

Errotabarriko errotea

Otzerinmendiko kofradian dago Errotabarri. 1785ean eregitakoa, Zeanuriko errotarik barriena da. Hiru harri ditu. Errota honetan, presa eta antepara lotuta dagoz konporta baten bidez. Zeanuriko gainontzeko errotetatik bereiztuz, Errotabarrin errotapetik kaltze bat ateraten da, urak errekara bideratzeko. 1975eko aprilean itxi eutsan lan egiteari eta azken errotaria Andres Aldekoa "Ane" izan zan. 2015ean guztiz zaharbarritu eban Errotabarri Manterola familiak.

Ibargutxiko errotea

Ipiñaburuko kofradian dago. XIX. gizaldian burdinolea izan zan. Gaur egun harri bi badaukaz be, hiru harrigaz egin eban behar. Hirugarren harriak 1950erantza itxi eutsan lan egiteari. 1945ean errotearen azpiko aldean turbina bat eta generadore bat jarriz argindarra ekoizten hasi ziran Ibargutxin, eta 1978ra arte gitxi gorabehera Altzua, Ipiñaburu eta Undurragako baserri batzuetara saltzean eben elektrizidadea. Ibargutxiko errotearen instalazinoak guztiz zaharbarrituta dagoz. Azken errotaria Gabriel Larrazabal izan zan, eta bere heriotzearen ostean, urte batzuetan, Satur semeak jarraitu eban ingurukoentzat ehoten. 2019an Pedro Elexpek erosi eban errotea eta bera da gaur egungo jaubea.

Olabarriko errotea

Ibarguen kofradian dago. Hau be jatorriz burdinolea izan zan eta Zeanuriko patronoa zan Arriola familiaren jaubetzea. Pujanatarren aurretik Manterola familiak ustiatu eban, 1898ko zemendiaren 30ean, San Andres egunean, Isidro Pujana, errentari moduan, errotearen kargu egin zan arte. XX. gizaldiaren erdirantza Benigno Pujanak —Isidroren semeak— errotea erosi eutsen Arriolatarrei. Benignok errotari lanetan jardun eban 1995eko urri bigarrenaren 11n hil zan arte. Aitaren heriotzearen ostean, Fermin semeak errotearen zaharbarritze lanei heldu eutsen eta hor darrai gaur egun be jo eta ke apurka-apurka txukunduz. Olabarriko erroteak hiru harri daukaz. Errotearen ondoan burdinolearen errastuak azaltzen dira.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!