Tradizinoak

Kofradien eta komunalaren inguruko jardunaldiak egongo dira astegoienean Zeanurin

Asier Abrisketa 2021ko aza. 18a, 11:55

Altzustako Kofradia desagertzear dagoala eta, hainbat ekintza egingo ditue Geurea Zaindu taldekoek hilaren 19, 20 eta 21ean, herritarrak antxinako antolakuntza mota honen ondasunak ezetu eta jagoteko helburuagaz.

Jardunaldien antolatzaileek dinoenez, "asmoa ei dago Kofradia desegin eta sociedad civil bihurtuteko eta ermitearen inguruko lurrak saltzeako". Ondare material eta inmaterialak ikusten dituez arriskuan; ermitea eta lurrak batetik, eta Kofradia erakundea bera.

Helburua da antxinako zuzenbide pirenaikoaren hiru zutabeen inguruan hausnartu eta honeek jagotea: auzolana, batzarra eta lur komunala. Tradizino honeek herritarren artean ezagun egiteko hiru ekintza antolatu ditue Geurea Zaindu taldekoek.

Barikuan Josu Naberan saiakeragileak Altzustako ermitearen sorreraren pista batzuk emongo dauz udaletxeko aretoan. Honek dinoenez, San Migel deitutako ermitak Mari personaje mitologikoaren leku enblematiko danetan dagoz. Naberanek Guillermo Piquero aurkeztuko dau gero, eta honek bere liburua: En el vientre de Mari. Raices preindoeuropeas de la mitologia vasca.

Zapatuan, hilak 20, ezkurrak eta landare jangarriak batuko ditue 10:00etatik aurrera. 14:00etan bazkaria egingo dabe batutakoagaz: eskanda, asun eta llanten menestrea, ahuntz gisaua ezkurrakaz, ezkur opiltxoak eztiagaz eta ezkur kafea ezkur esneagaz.

Hurrengo egunean, domekan, Kofradiak eta herri ondasunak, herriaren ondarea mahaingurua egingo da goizean, 10:00etan. Lur komunalen garrantzia azpimarrauko da bertan, eta historiari begirada bat botako jako komunidade desberdinetan eukin daben papela ezetuteko. Mahainguruak Felix Rodrigo Mora idazlea, Iñaki Uriarte arkitektoa eta Angel Larrea historialaria batuko dauz udaletxeko aretoan.

Gero, 14:30ean bazkalduko dabe Dimako Baltzola jatetxean, izena 636 875 743 telefonoan emon behar da aurretik.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!