Andra Langilearen Nazinoarteko Egunaren bueltan, zapaturako barre egiteko bakarrizketea antolatu da Ubiden. Konbidautako umoregilea Ana Goitia Erkiaga lekeitiarra da eta bere lehenengo umorezko bakarrizketa luzea Euskal Herriko hainbat tokitan aurkeztu ostean, Ubiden lehenengoz egingo dau Katana arrastiko 18:30etik aurrera Ortuzarren.
Sinopsia
Ana Goitia intensidade hutsa da: bizitzan gertatzen jakon guztia be handia da eta kontatzeko modua be halangoa dauka. Ohikoak diran gauzetan jarriko dau arretea Katana izeneko bakarrizketa honetan. Egungo musika eta marketina, sold out-aren moda, kontzertuak familian gozatzeko moda, matxismoa, lodifobia eta egunerokotasuneko gaiak. Anak barrea, galderak eta zintzotasuna alkartuten diran espazio bat sortzean dau. Bakarrizketa zuzena eta zorrotza, katana bat modukoa, esan beharrekoa zehaztasunez adierazoko dauana.