GIZARTEA

Ubideko Herriko Tabernaren errentamentua lehiaketara atera da

Erredakzinoa 2026ko otsailaren 6a

Ubideko Udalak Herriko Taberna-Jatetxe-Etxebizitzea errentan emoteko lizitazinoa zabaldu dau. 

Udal jaubetzako higiezina da, guztira 564,59 metro karratuko azalerea daukana, eta ostalaritzarako ez ezik, etxebizitza erabilerarako be prestatuta dago. Administrazino-klausulen agirian jasoten danez, kontratua lehiaketa bidez esleituko da, eta erispide bakarra prezioa izango da. Oinarrizko errentea hilean 400 eurokoa da gehi BEZa, eta lizitatzaileek kopuru hori gorantz hobetu ahal izango dabe.

Bost urteko kontratua, luzatuteko aukereagaz
Errentamentu kontratuak bost urteko iraupena izango dau, eta alde biak ados badagoz, beste urte biz luzatuteko aukerea egongo da. Eskaintzak aurkezteko epea hilaren 25ean amaitzen da, eta dokumentazinoa udaletxean edo legeak onartzen dauan edozein bidetatik aurkeztu ahal izango da.

Errentariarentzat bete beharreko baldintzak
Etorkizuneko errentariak lokala taberna-jatetxe modura erabili beharko dau, astegoienetan eta jaiegunetan zabalik egon, eta urtean behin gitxienez jarduera kultural-gastronomiko bat antolatu. Gitxieneko ordutegia 09:00etatik 22:00etara izango da, eta euskerearen presentzia bermatu beharko da kartel, zerbitzu eta menuetan. Hornidura-gastuak (gasa, ura, argia…) errentariaren kontura izango dira.

Fidantzea eta esleipen-prozesua
Eskaintzarik onena aurkezten dauanak 6.000 euroko fidantzea ipini beharko dau kontratua formalizetako momentuan. Kontratazino-mahaiak dokumentazino administratiboa aztertu ondoren, eskaintza ekonomikoak zabalduko ditu, preziorik altuena proposatzen dauan hautagaia lehenetsita.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!