La Union autobus enpreseak, Bilbotik Gasteizera doan zerbitzua eta aldrebeskoa aldatuko dauz. "Benetako eskarira egokituteko" Ubidetik pasetan dan A/3712 zerbitzua desagertu egingo da abenduaren 1etik aurrera. Arabako Foru Aldundiak horren ordez, eskaripean egongo dan Otxandio-Ubide-Legutio autobus zerbitzua bultzatuko dau. Legution Gasteiz-Durango arteko 18. lineagaz eukiko dau loturea. Zemendiaren 30ean Ubideko Udalak batzarra egingo dau zerbitzu barri honen inguruan informetako. Aitatu dan bezala, autobus zerbitzu barri hau eskaripekoa izango danez erreserbea egin beharko da 945 18 20 60 telefonora. Hori bai, egin gurako dan bidaiaren aurreko eguneko 20:00etara arte egongo da aukerea. Ordainketak dirala-ta, eskudiruz eta Bat, Barik eta Mugi txartelakaz egin ahalko da.
Zerbitzu barri honeri jagokonean, astebarruan lehenengo autobusa Oletatik 06:35ean eta atzena 20:25ean urtengo da Legutiorantza. Ordu tarte horretan beste sei autobus bidaia egongo dira. Bueltarako, Legutiotik 08:55ean lehenengoa eta atzena 21:05ean izango da, ordu honeen tartean bost bidaia eginda. Astegoienetan eta jaiegunetan ordutegia aldatu egingo da; lehenengo autobusa Oletatik 08:45ean izanik eta atzena 18:40ean, tartean bidaia bi eginda.