MENDIA

Astegoienean jokatuko da Ubidestroi Trail lasterketea

Asier Abrisketa 2022ko ira. 8a, 10:58

Lasterketea zapatuan izango da, barikuan barriz, Eliteko kirola osasuntsua al da? mahai-inguruan hartuko dabe parte hainbat kirolari eta medikuk.

Urri lehenengoaren 10ean, zapatua, jokatuko da Ubiden Ubidestroi Trail mendi lasterketearen lehenengo edizinoa. Oketa, Gorbeia, Bastelarra eta Eneabetik pasauko da lasterketea, Ubidera bueltau aurretik. Bidean, 27 kilometro eta 1.700 metroko desnibela gainditu beharko dabez korrikalariek. Bezperan barriz, mahai-inguru bat egongo da, Eliteko kirola osasuntsua al da? galdereari erantzuteko ahaleginean.

Mahai ingurua hilaren 9an, 20:30ean hasiko da eta Unai Ugartemendia kazetariak gidatuta, mediku eta kirolarien eztabaidea entzuteko aukerea egongo da. Mahaiaren inguruan jesarriko dira Jokin Lizeaga eta Oihana Azkorbebeitia korrikalariak, Lide Gorostiola korrikalari eta traumatologoa eta Andoni Ormazabal kirolari eta fisioterapeutea.

Hurrengo egunean, korrikalariak goizeko 09:00etan urtengo dira Ubidetik Gorbeiarako bidean. Honeek galapan egin bitartean, herrian umeentzako puzgarriak egongo dira 11:00etatik 16:00etara. Lasterketea, askoz jota sei ordutan egin behar da beraz, 15:00etarako ailegauko dira atzen korrikalariak. Sari banaketea egin ostean, jai giroak Ubiden segiduko dau Erruki erromeria taldearen musikeagaz, 20:00etara arte.

Turismo jasangarria

Ubideko lehen mendi-lasterketea izango da aurtengo Ubidestroi Trail eta antolatzaileek azaldu dabenez, "gure ametsetako herria" mundura zabaldu gura dabe, era jasangarrian. Beste alde batetik mediko ondarea berreskuratutea be topau dabe: "Antxinako baso-bide eta estarta ahaztuak berrerabiltea da gure xedeetako bat".

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!