Ondare historikoa

Ubideko historia ezetuteko ibilbidea gidatuko dau Joxan Pagolak

Asier Abrisketa 2022ko urt. 28a, 11:29

Hilaren 30ean, domekea, egingo dira saio bi Aretzako Parketxeak antolatuta; 11:00etan euskeraz izango dira azalpenak, 12:30ean barriz gazteleraz.

Urtailaren 30ean, domekea, Ubideren historia ezetuteko aukerea egongo da, Joxan Pagola alkate ohiak gidatutako herritik zeharreko ordu bateko ibilaldian. Parte hartzeako, aldez aurretik emon behar da izena gorbeia.parke.naturala@bizkaia.eus helbidean edo 94 673 92 79 telefonoan.

Ubideko ondare historikoa bai euskeraz bai gazteleraz ezetu ahalko dabe bisitariek. Batez be, Erdi Aroko istorio eta azalpenak entzungo ditue bisitariek, baina historia modernoagoa be ezetuko dabe. Lehenengo urtengo da euskerazko taldea, goizeko 11:00etan. Hau amaitzerakoan, 12:30ean urtengo da gaztelerazko taldea.

Ubide Arratiako herririk txikiena da, baina historio luze eta aberatsa dauka Arabako mugako herriak. Antxina, Zeanuriko elizatearen auzoa izan zan Ubide, XVI. mendean banandu zan arte. Ordukoa da San Juan Bautista eleizea, 1540 urtean sortutakoa.

Herriaren sasoi bateko burdinolen inguruan hazi zan; izan be, Zuazola, Aurtenola, Sartenera eta Ubide bera be burdinolak izan ziran. Horrez gain, gaur-egun lez, Gaztela eta Bizkaiko jaurerriaren arteko merkataritza igarotzen zan bide garrantzitsu baten ondoan egoan. Bide hori, kaltzada hori, oindino ikusi daiteke leku batzuetan.

1936ko Gerra Zibilean be eremu garrantzitsua izan zan Ubide. Izan be, kolpe militarraren ostean, Araba frankisten esku eta Bizkaia errepublikazaleen eskutan geratu ziran, Ubide zan mugea. Holan, lehenengo Eusko Jaurlaritza sortu zanean, Bizkaiko hegoaldeko mugea zan Ubide, ejerzito frankistearen aurrean. Frankisten IV. brigadak, Ubiden hasi eban Bizkaia menperatzeko erasoa 1937. urteko udabarrian.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!