zaborra

Bistibietako zabortegiak handitzea eskatu dau, ixtea 2027rako programauta egon arren

Asier Abrisketa

Azurreka Ekologista Elkarteak Arartekora jo dau eskainitako dokumentazinoa eta honegaz lotutako informazino faltea zein legeztau aurretik egindako obrak ikertu dagizan. Udalak adierazo dau, eduki handitzea hau aurreko handitzearen birkalkulu bat dala.

FCC Ambito enpresak kudeatuten dau Bistibietako zabortegi industriala eta zelda barriaren edukia, azalerea handitu barik, 232.000 metro kubikotik 345.000 metro kubikora handituteko eskaera formala egin dau. Honek datorren urterako programauta dagoan zabortegiaren zarratzearen gaineko dudak eragin ditu. Ixtea Eusko Jaurlaritzeak programau eban 2022an, 2030erako hondakinen kudeaketea berrantolatzeko plana egin zanean. Izan be, EAEn sortzean dan zabor bolumena gitxitxea aurreikusten zan, birziklapen eta ekonomia zirkularraren ondorioz eta beraz, zabortegiak ixten joatea; Bistibietakoa tartean.

Bistibietako zabortegiak hondakin industrialak hartzean ditu, berbarako Prestigeren hondamendian hondartzak garbituteko erabili ziran materialak dagoz bertan. Handitzeko eskaerea dala-ta, Azurreka alkartea martxan ipini da eta Arartekora, EAEko herritarren defendatzailera, hainbat kontu ikertu dagizan. Besteak beste, trazabilidade nahiko ez daben Prestigeren hondakinak, legeztau aurretik egin diran obrak, isiltasun administratiboa eta kontrol integrau faltea. Azurrekak Arartekoan aurkeztutako kejan dinoanez, “salatzen dana ez da erantzun faltea, baizik eta instalazino barria baimentzeko, informetako, ikuskatzeko eta kontroletako sistema publikoaren balizko porrotea” eta ustezko ez egite horreen erantzule diran administrazinoak ikertuteko: Eusko Jaurlaritzako ingurumen eskudun saila, URA eta Lemoako Udala.

2024ko handitze irregularra

Ikertutea eskatu dan kontuetako bat 2024ko handitzea da, Eusko Jaurlaritzeak 232.000 metro kubikoko zelda barria baimendu ebanean. Azurrekak Arartekora bialdu dauan kejak dinoanez, enpresearen proiektuak argi ixten dau obrak 2019ko garagarriletik 2020ko abendura egin zirala baina, FCC enpreseak ez ebala legalizazino hidraulikoa 2023ko urrietara arte eskatu eta Konfederazio Hidrografikoak 2024ko abuztuan emon ebala baimena. Aurretik, 2021ean EH Bilduren Lemoako Udal Gobernuak irregulartasunak antzemon eta lanak geldiarazo ebazan. Baina EAJ alkatetzara ailegau zanean, 2023an barriro emon jakon enpreseari Udalaren baimena, Azurrekako Unai Ortuzarrek BEGITUn azaldu dauanez, “ezelango arrazoi edo azalpen barik”.

“Ze lizentziagaz, autorizazino hidraulikoagaz, proiektugaz eta kontrol administratibogaz egin ziran lanak; nork kontrolau eban obrea eta proiektua bat etorzala eta zer dala-ta baimendu zan lehenengo obrea egin eta gero legalizetea” da ikertu behar dana, dinoe Azurrekatik. “Ez dinogu dana ilegala izan danik”, dinoe ekologistek, baina “handituten jarraitu aurretik jakin behar da ze hondakin dagoan azpian, non dagoan, zelan konfinau ebezan eta zein egoeratan dagoan gaur egun”.

Lemoako Udalaren adierazpena

Lemoako Udalak, prensa ohar baten bitartez argitu gura izan dau, FCC Ambitoren asmoa zeldetako baten edukia, ez azalerea, handitu gura dauala. Beste alde batetik, Udalak 2021ean atzera bota eban handitze eskaerea “udalerriko urigintza-araudiagaz bateraezina” zalako izan zala eta gerora, enpreseak beste eskaera alternatibo bat egin ebala, baina oingoan “urigintza-araudi bateragarriagaz”. Hau izan zan gerora onartu zana. Baina Udaletik azaldu dabenez, FCCk ez eban aurkeztu orduko obrakaz irabaziko zan eduki ahalmen osoaren kalkulu barriztua eta “oin detektau da akatsa”.

Beraz, oraingo eskaerea birkalkulatze bat baino ez ei da. Lemoako Udalak urri bigarrenaren 29an bialdu eban bere urigintza eskumenetan oinarritutako informea Eusko Jaurlaritzako ingurumen organura. Bertan aitatuten danez, “aurretik ezarritakoagaz alderatuta ez da ingurumen-baldintzetan aldaketarik planteetan”, baina “edukia handitzeak hondakin tona gehiago sartzea baimendu eta zabortegiaren ustiaketa denporea luzatzea eragin daike”.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!