BEE

Hilebete falta da Bizkaiko Erromeria Eguna Lemoan ospatzeko

Erredakzinoa

Hasi da Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizinorako atzerako kontaketea. Urri bigarrenaren 17an, Lemoak erromeria kontzeptuaren arpegi eta formatu guztiak egun bakarrean batuko ditu.

Horretarako, hiru gunetan banatuta —Arlonagusia, Herrigunea eta Kotxepin— gustu eta adin guztientzako eskaintza zabala eskainiko dau Bizkaiko Erromeria Egunak Lemoan: Lorratz eta Kittugaz jantza-plazak, kantupoteoak, Larrain Dantza herrikoia, Korrontzi eta Durundi Barriren ikuskizun esklusiboa, Arratiako Musika Eskolaren kalez kalekoa, Eingoren bazkalostea, Ene Kantak, Merhezi taldea, txistulariak, albokariak, txarangea, erraldoi eta buruhandiak, Arantzarte Dantza Taldeko Jone Intxaustik eskainitako Arratiako jotaren ikastaroa, Itsaso Arrietaren kantu ikastaroa, puzgarriak, Mendieta Herri Kirol Taldekoen herri-kirolen tailerra eta erakustaldia, egungo erromeria gazteak... eta beste hamaika aukera.

Egitarau osoaren barri laster emongo dau antolakuntzeak, baina daborduko artista guztiak zein ordutan eta zein gunetan jardungo daben azaltzen dabiz, banan-banan, Instagram kontuaren bidez (https://www.instagram.com/erromeriaeguna/).

Gainera, herri bazkariko txartelak be salgai dagoz —Arlonagusian 15:00etan izango da— eta antolakuntzeak BEGITUri azaldutakoaren arabera, “erritmo ederrean” dabiz saltzean. Beraz, bazkarira joan gura dauanak Bizkaiko Erromeria Egunaren webgunera jo beharko dau txartelak erostera —hiru menu aukeran: haragi menua, barazki menua eta umeentzako menua—.

Hedabide honek jakin ahal izan dauanez, herri bazkarian musikariak ez dira faltauko, eta Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia bertsolariek doinuz jantziko dabe bazkalostea.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!