UGERLEKUAK

Lemoako Udalak ugerlekuetako arauak errespetatzeko eskatu dau

Erredakzinoa 2026ko ekainaren 19a

Lemoako Udalak udal ugerlekuetako erabiltzaileei arauak betetearen garrantzia gogorarazo deutse, atzen egunotan hainbat aldiz gorozkiak agertu diralako. Horren ondorioz, osasun-protokoloak aktibau eta bainurako gune batzuk aldi baterako itxi behar izan ditue.

Udalaren arabera, holako gertaerek zerbitzua etetea eragiten dabe eta zuzenean eragiten deutse gainerako erabiltzaileei, udako hilebeteetan jente ugari batzean da-ta instalazinoetan. Gainera, derrigorrezko garbiketa eta desinfekzino lanek kostu ekonomiko eta antolakuntzakoak sortzen ditue.

Udal araudiak txistua botatea, txiza, kaka edo ura kutsatu leiken beste edozein ekintza egitea debekatzen dau. Jokabide horreek arau-hauste oso larritzat joten dira, instalazinoen higienea, erabiltzaileen osasuna eta zerbitzuaren funtzionamentu egokia arriskuan ipinten dituelako.

Horregaitik, Udalak azpimarratu dau arauak betetea erabiltzaile guztien betebeharra dala. Era berean, gogorarazo dau ugerlekuetako langileak araudia beteten dala zaintzeaz arduratzen dirala, eta arau-hausteek udal araudian aurreikusitako zehapenak ekarri leikiezala. Udalak herritarren lankidetzea eskertu dau eta ugerlekuak baldintzarik onenetan manteniduteko konpromisoa berretsi dau.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!