Izan be, guk, gure gurasoek edo aitita-amamek erromeriaren gainean daukagun idea sano desbardina da eta gaur egun be, estilo desbardinetako musikak jatorkuz burura. Holan, erromeriaren formatu eta kontzeptu guztiak batzeako egin zan igaz lehenengo Bizkaiko Erromeria Eguna Durangon eta aurtengoan, Lemoan ospatuko da urri bigarrenaren 17an.
Esther Iturrioz Lemoako alkateak be hartu eban berbea ekitaldian eta Lemoa aukeratua izan zala esateko Arrizabalagaren deia jasoterakoan, sentidutako “ilusino eta poza” azpimarratu eban. Iturriozek iragarri ebanez, hiru gune izango ditu jaialdiak: Arlonagusiako aparkalekua, Karabie Gaztetxeko aparkalekua eta Kotxepin. Horrezaz gainera, egongo dira kalez kale ibiliko diran talde eta musikariak be, tartean Arratiako Musika Eskolako ikasleen taldeak. Izan be, Arratiako eta batez be Lemoako alkarteen presentzia garrantzitsuaren barri be emon eban Iturriozek: Mendieta Herri Kirol Taldea, Durundi Barri eta Arantzarte jantza taldeak, Eingo, Merhezi…

Egitaraua eta taldeak Jon Gomez Garai Bizkaiko Erromeria Eguneko antolatzaileetako batek aurkezpenean azaldu eban egitaraua apurka-apurka iragarten joango dirala datozen asteetan, webgune zein sareetan. Halanda be, aurreratu ebazan parte hartuko daben taldeetako asko: Korrontzi, Lorratz, Ene Kantak, Eneritz eta Edurtzeta, Kittu, Harribitxi, Matraka elektrotxarangea, Lehian, Argitu, Zirkinik Bez, Trikizio eta aitatutako arratiarrak.
Horreezaz gainera, egunean zehar herri kirol erakustaldiak, erraldoi eta buruhandiak, gaitero eta albokariak eta ikastaroak be egongo dira, besteak beste. Itsaso Arrietak euskal kantu ikastaroa eskainiko dau eta Arantzarteko Jone Intxaustik, Arratiako jota ikastaroa.