Nerea Markina igorreztarra da eta oin urte bi eta erdi heldu zan Agarrera bere bi semeakaz. BEGITUn kontau dauanez, bost urtez egon zan bere senar ohiaren tratu txar eta jipoiak jasaten eta Igorren bildur zala-ta joan zan Lemoara. Oin arte, Agarreko pisuan “nahiko ondo” egon dala azaldu dau, familia normal baten moduan, baina egoereak bueltea emon dau Gabonetatik ona. Agindu judizial barik eta berak giltzik emon ez dauan arren, etxetik kanpo itxi dabela salatu dau, eta ezer barik itxi dabela, “soinean eroandakoagaz”. Beste aukera barik eta Udalak semeak zentro batera eroateagaz mehatxatuta, amaren etxean itxi behar izan dauz: “Kalean ikusi naz gure txakur biakaz, bizi osoan ez bizitza duin bat, baizik eta apur bat duina, izateko burrukan ibili nazenean”. Azaldu dau, Udaletik emondako lehen urtenbidea familia banandu eta maskotak hiltea izan zala, bera aterpe batera eroanda. Lemoako Udalak iragarritako bigarren aukerea barriz, guzurra dala salatu dau: “Jenteari bigarren aukerea emon jako baina niri eta hemen geratuten garan familiei ez deuskue ezer opatu”. Etxetik kanpo ikusi zanez, Antonio Pisaren familiak hartu dau etxean eta beragaz doa lanera, azoketara.

Antonio Pisa familiagaz bizi da Agarren oin dala urte eta erdi, andra eta 12, 15 eta 19 urteko alabakaz. Salatu dau familiari erroldatuteko eskubidea ukatu jakola eta ez deutsiela alabak Lemoako eskolara eroaten itxi be ez; bata Igorrera eta bestea Dimara eroan behar dauz. Kontau dauanez, bere alaba batek zazpi urterako alkiler kontratua sinatu eban Cementos Lemonagaz oin urte bi, baina mehatxu artean, bere hiru umeakaz joan egin behar izan zan. Enpreseak hamabost egunerako pisu bat ordaindu eutsala kontau dau, enpreseak eta Udalak beste aukera bat topau bitartean. “Guzurra izan da, kalean itxi dabe hiru umegaz”, kontau dau Antoniok. Familia Gasteizetik heldu zan Lemoara, bertan bizi ziran etxeko epea amaituta eta beste ezer topau ezinean. Oin arte, argi eta uragaz, “jente normala moduan” bizi izan dirala dino. Hau be kexau da, Udalak adin txikikoak kentzeako mehatxuak egin ditualako: “Kalean itxi gura deuskue, ezer barik”.
Agarrera heltzerakoan, zelan topau zenduezan etxebitzitzak?
Nerea Markina: Ni egon nazen etxea marihuana landatuteko erabilten eban nonok, dana lorontziz eta lurrez beteta egoan. Semeak, lagun bat eta ni hiru egun egon ginan lurra ateraten eta gero sartu nebazan altzari eta etxekotresna elektrikoak. Gitxika-gitxika egin genduan etxea eta oin dana galdu dot, dan-dana.
Antonio Pisa: Gu sartu ginan etxea ondo be ez, baina patxadazkoa zan. Suteko gauzak, garbigailua, hozkailua eta abar sartu eta kable instalazinoak konpondu genduzan.
N.M.: Iberdrola lehenengoz etorri zanean argiteriaren kontua ondo egin gura izan gendun, argindarra pintxau barik. Baina deitu gendunean esan euskuen, dana egunera ipinteko aurreko zorrak -argia pintxauta egon zanetik- guk ordaindu beharko genduala. Nire kasuan hamabi urte, 7.000 eurotik gora.
A.P.: Nire kasuan hamabost urteko zorra zan. Baina kontadore barik, zelan dakie zenbat argindar erabili dan?
Oin arte etxe normal baten modura bizi izan zariela esan dozue, noz hasi zan hau aldatuten?
N.M.: Gabon egunean hasi ziran argiagaz gauza arraroak pasetan. Bat-batean asko egoan eta gero ezer be ez, egun bat bai beste bat ez. Egun baten alkatea etorri zan eta esan eban bloke batzutan argia ipiniko zala eta bestean ez. Ordutik egon dira itzalaldiak eta abar. Ez dinot Udalaren errua izan danik, baina horren ostean hasi ziran sute arriskuagaz gora eta behera. Ez da holango arriskurik egon. Iberdrolakoak agertu arte ez da argiagaz arazorik egon.
A.P.: Iberdrolakoek ezer be ez esan barik etorri eta ebagi eben argia, hori ilegala da. Alkatearen aginduz etorri zirala esan eben eta udaletxera joan ginan galdezka. Berak esan eban ez ebala agindurik emon eta hori idatziz emoteko eskatu geuntsan, baina ez euskun ezer emon. Guzurti bat da. Halanda be, Ertzaintzaren laguntzeagaz argia ebagi eben eta guk gero barriro martxan ipini.
Argi barik eta neguan, bizi-kalidadea txarragotuko zan. Zelangoa da hemengo egunerokoa?
N.M.: Ba Gabonetatik bueltan latza da holan egotea, hiru egun argi barik eta laugarrenean bai, eta buelta. Bat-batean alkateak deitu euskun, hemen sute-arriskua egoala esanaz eta 24 ordutan joan egin behar ginala. Ni ez naz inoz holango egoera baten egon baina bueno mobiduten hasi ginan eta konturatu ginan danori kaleratu gura euskuen egunean, ez egoala horretarako agindu judizialik. Txakurrak aterateko esan eustien eta segurtasunagaitik hori egin neban, etxera bueltetako asmoagaz. Baina ezin izan nintzan barriro sartu. Aste bira, udaletxeko langile bat topau neban etxean sartzean eta sikeran erropea hartzeako sartzeako baimena eskatu neutsan, baina sartu nintzanean etxea guztiz apurtuta egoan, ez dakit nork eta zelan eginda. Ez naz bakarra izan, alboan bizi zanari eta beheko gazteei be bardina pasau jakien.
A.P.: Gure etxeak bakarrik ez, nire alabak 500 euroko alkilerra ordainduten eban eta etxetik, hogeta hamar arratoitik gora atera genduzan. 500 euroko alkilerra, pisu hori alkiletako moduan ez egoanean, sute barik eta kable guztiak aldatu behar izan ebazan. Instalazino guztia izan da barria, orduan ez dogu sute-arriskurik egon danik uste.
Orduan, segurua da gaur hemen bizitea?
N.M.: Ba gaur egun… argia izango bagendu bai. Oinarrizko gauzak ipinteko sikeran, bonbillak, entxufe batzuk… Etxeak ez dagoz txarto. Biziteko moduan dagoz baina argiaren kontua da arazoa. Argia ebagiaz, udaletxekoek eragin dabe hau leku seguru bat ez izatea.
A.P.: Hau hutsitu gura eben sute-arriskuagaitik, baina inori ez deuskue horren frogarik erakutsi, ez dogu Iberdrolaren txostenik edo holangorik ikusi. Informea daukiela esan deuskue baina erakutsi gura ez, enpresa pribadu bat kontratau dabe txosten hori egiteko. Alkateak esan euskun pisu honeek Lemoan bizi diranei alkiletako gura dabezala, baina… gu ez gara Lemoan bizi ala?
N.M.: Gu sartzeako beste lekurik ez badaukie, hemen etxe hutsak dagoz. Alarmak kendu eta argia barriro ipini ahal dabe. Mobilak kargau eta esne apur bat berotuteko bada be, ez dogu askorik eskatuten. Nora sartu ez badaukie hemen badago lekua. Gero adibidez, inoz ez da pasau baina atzoko ekaitzagaz, kaleko estoldek lehertu egin dabe eta hau nazkagarria da…
Alkiler bat ordainduteko prest egongo zinien?
N.M.: Bai, bai! Guk ez dogu ezer oparituterik gura. Baina ez dodaz ordainduko 500 euro bez, Antonioren alabak egiten eban moduan, sute eta lehio bako etxe bategaitik. Bakotxak daukazan irabaziak kontuan hartuta edo, alkiler bat egokitu ahal da.
A.P.: Cementos Lemonak badaukaz eraikin gehiago eta pilo bat pisu dagoz hutsik. Hara be eroan ahal deuskue.

Udalak esan eban bigarren “birkokatze plan integral” bat egingo ebala, heldu jatzue notizirik?
N.M.: Ez dago planik, guretzako ez. Alkatearen erantzunaren zain egon ginan eta heltzean ez zanez, guk deitu ginun. Alkateak esan euskun lehenengo aukerea onartu ez genduanez, bigarrenik ez zala egongo.
A.P.: Lehenengo aukeran opatu eustiena zera izan zan, familia osoa gela baten bizitea eta animaliak sakrifiketea. Baina zelan biziko gara ni, emaztea eta 12, 15 eta 19 urteko alabak gela baten? Hori ez da bideragarria.
N.M.: Guk hemen familia egin dogu atzenean. Nire seme txikia eta Antonioren lobea lagun egin dira eta Agarre hutsitu gura eben egunean, negar asko egin eben, pentsetan ez zirala gehiago ikusiko. Taldea egin dabe, danok egin dogu. Ni lan barik egon naz eta umeen eskola ordutegietara adi egon behar… Antonio eta familiak opatu deustie eurekaz azokara joan ahal izatea, etxeko ateak zabaldu deustiez…
Bizikidetza arazo eta lapurretei buruz be egiten da berba Lemoan, zelan bizi dozue hori komunidade honetatik?
N.M.: Bueno hemen auzokide onak eta txarrak egon dira. Nik ez dot inogaz arazorik euki baina kontuan hartu behar da asko ezer be ez daukien gazteak izan dirala, familiatik urrun, hona umeak izanda heltzean diranak. Ni ondo egon naz. Arazoak egon dira bai baina ze auzotan ez dago holakorik ba? Lemoan manifestazinoak egin ziranean gu izan ginan han egoten lehenengoak, ze guri be ez jaku delinkuenteakaz bizitea gustetan. Bakarrik egozan gazte guztiak joan dira daborduko. Bi geratuten dira, Bilbora behar egitera joaten diranak. Gero andrea haurdun dagoan familia, Antonioren familia eta ni geratuten gara; Antonioren alaba nagusia ziurrenik be bueltauko da, ze lehen kontautakoagaitik ezer barik gelditu da. Hamar bat persona gagoz oin hemen, danak adin txikikoakaz.
Laguntzea be izan dozue ezta?
N.M.: Bai gaztetxeko gazteak gugaitik asko arduratu dira: janaria, ea erroparik behar genduan, dutxetako… Pilo bat lagundu deuskue. Arratiako Sare Antiarrazistakoak eta gaztetxekoak oso ondo portau dira gugaz.
Ze mezu emon gura deutsazue Agarre arazo moduan ikusi baina zuok ezetuten ez zaituen lemoaztarrei?
A.P.: Ba esaten dan moduan, unos llevan la fama y otros cardan la lana. Hemen ez gara danok gatazkatsuak. Askok, nire moduan lan egiten dogu; nik azokatan gora eta behera. Gaztetxekoek lagundu deuskue baina EAJ eta jente horreena… ez dogu inoren babesik izan. Guzti hau lotsagarria izan da. Gainera, salatu gura dogu animalien babesleen aurrean, Udalak gure maskotak sakrifikau gura izan dauzala.
N.M.: Ba gu ez gabizala ezer oparituterik eskatuten, aukera bat eskatuten gabiz. Normalak izateko aukera bat gura dogu, bizi normal bat eukitea. Bildurragaz itxartuten naz, ia gaur zer pasauko dan. Eta ni eta nire umeataz zer izango dan… ba batek daki!
Esther Iturrioz: “Oso harro gagoz egindako lanagaz”

Agarreko bizilagun biei egindako alkarrizketan, hainbat dira Esther Iturrioz alkateari eta Lemoako Udalari egindako akusazinoak. Hasteko, Iturriozek BEGITUn berretsi dau Udalak auzotar guztiei opatu deutsela urtenbide bat: “Hainbat eta hainbat aldiz erregutu jakie euren esku ipinitako baliabideei eusteko. Baliabideak gainera, ez dira infinituak eta aukerei heltzea garrantzitsua da euretariko batzuk dagozan egoerea ikusita”. Beste alde batetik, defendidu dau prozesu guztia “argi eta garbi” azaldu dabela eta “teknikari eta profesionalen berme guztiak” izan dituala. Biribildu dau, “oso harro” dagozala egindako lanagaz: “Ahots kaudimendunek esan deuskue Lemoan egindako lana eredugarria izan dala”.
Antonio Pisak bere alabeak Cementos Lemonagaz izandako kontratuaren eta etxebizitza alternatiboa topetearen gainean barriz, adierazo dau enpreseak bakarrik izan dauzala harremanak beragaz. Nerea Markinak bere etxetik zelan kanporatu eben kontautakoaz ostera, Iturriozek esan dau Udalak ez dauala horren barririk izan: “Ez dauka zentzurik egia esan”. Berretsi dau danak ohartarazota egozala eta boluntarioki itxi ebezala etxea eta giltzak: “Denporea izan eben batzeako edozelan be, ez dago inolako arazorik, lagunduko geunskio bere gauzak batzera baina ez dogu jaso holako eskaerarik”.