Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez sortu zan igaz jaialdia, Danok musikarien kooperatibearen sorkuntza eta antolakuntzeagaz, eta tokian tokiko udalaren babes nagusiagaz. Lehenengo edizinoa Durangon egin zan 2025ean, eta egitarau zabalak jasotako balorazino onen ostean, aurten bigarren hitzordua prestatu dabe.
“Bizkaiko Erromeria Eguna geratzeko jaio da, eta urtero gure lurraldeko eskualde desbardin batera eroateko asmoa daukagu”, azaldu eban igaz Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru diputaduak. Ildo horreri jarraituz, 2026an Durangaldetik Arratiara egingo dau saltua musika eta jantza zaleentzako hitzorduak: Lemoak hartuko dau Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizinoa.
Egun horretan, euskal musika, kanta eta jantzek hartuko dabe herria, erromeriazaleen topagune bihurtuz. Adin eta gustu guztientzako era askotako ekintzak izango dira: kalejirak, berbaldiak, tailerrak, umeentzako puzgarriak eta jarduerak, haur berbenak, jantza plazak, fanfarreak, kantu-jirak eta gaueko gazte taldeen bersino-taldeak, besteak beste. Arpegi eta formatu guzietako erromeriak batuko dira, oinarrian, Bizkaiko Erromeria Egunaren bigarren edizioan.
Edizino honetarako Lemoako Udala izango dau bidelagun Bizkaiko Foru Aldundiak. Ekitaldiaren nondik norakoak eta kartel nagusia udaren aurretik aurkeztuko dira jente-aurrean, Lemoan bertan, erakunde parte-hartzaileetako ordezkariakaz eta egunean parte hartuko daben artista batzukaz batera. Begitu aldizkaria be bidelagun eta laguntzaile izango da egun honetan.