Jurgi Ekiza (Baiona, 1980) musikariak Argitzala diskoa aurkeztu eban uda amaieran eta oin, areto, taberna eta plazetan dabil hau aurkeztuteko biran murgilduta. Abenduaren 12an, barikua, geldialdia egingo dau Kotxepin Kultur Etxean, 20:00etan. Ekizak berak hainbat alkarrizketetan adierazo dauanez, Willis Drummond-en zein bakarka, beti egin ditu kantu triste, lasai edo haserrera eroaten dabenak baina oingoan, itzalak baino argiak ditu diskoak, letra alaiagoak idazten saiatu da-ta. Holan, berak oso-osorik -musika zein teknika aldetik- ekoiztutako hamaika kantako diskoa da Argitzala.

Ekizak 2004an sortu eban Willis Drummond eta bertako gitarra-jole, abeslari eta letragilea izan da. 2014an etenaldia izan eban taldeak eta hor ebatzi eban bakarkako bideari ekitea. Orduan argitarau eban bere lehenengo diskoa, Ekiza. Ahotsaz gainera gitarra akustikoa, gitarra elektrikoa, bajua, pianoa, organoa, melodika, sanplerrak, perkusinoa eta bateria grabau ebazan berak. Willis Drummond taldea barriro igon zan oholtzetara baina 2024ko urtailean eskaini eban atzen kontzertua. Ekizak barriro eutsan bakarka diskoa grabeteari eta horren emaitza da Argitzala. Halanda be, bitartean argitaratu izan ditu bakarkako abestiak be eta besteak beste Ane eta Azken erromantikoak pelikuletako soinu-bandak egin dauz.