jaiak

Gaur motorrak berotu eta bihar hasiko dira Lemoako jaiak

Asier Abrisketa 2025ko uzt. 29a, 11:19

Herri afaria eta Andoni Ollokiegiren kontzertua egongo dira gaur eta bihar txupinazoa botateagaz batera hasiko dira bost eguneko jaiak.

Bihar, hilak 30, 35. urteurrena bete barri dauan Lemoatx Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteko kideek botako dabe Lemoako udaletxetik jaiei hasikerea emoteko txupina, 19:00etan. Horregaz batera, lemoaztarrak bost eguneko festan murgilduko dira. Baina aurretik, gaur motorrak berotuteko eguna izango da. Izan be, herri afaria eta Andoni Ollokiegiren kontzertua egongo dira gaur gauean, festaurreko moduan.

Hortik aurrera, adin eta gustu guztientzako ekintzak antolatu ditu Lemoako Jai Batzordeak: gastronomia lehiaketak, ikuskizun eta bakarrizketak, Mozorro eta Playback Lehiaketea, artisauen azokea, Rally Umoristikoa, bola-joko eta igela... Aukerak asko izango dira baina zelan ez, musikearen inguruan biziko dira jaietako momentu asko. Bunkker, Tatxers, Mariachi Imperial de Guanajuato, Zeinke, La Txama, Alarma Morea eta Süne taldeek eta Mugi Panderoa zein Altxa Porru erromeria taldeek animauko dabez jaietako gauak.

Lemoako jaietako egitaraua:

Uztailak 30, eguaztena

  • 18:30ean, jaietako kartelen erakusketa udaletxeko plazan.
  • 19:00etan, txupinazoa.
  • Gero, mozorroen desfilea Elizondoraino eta sari banaketea.
  • 21:00etan, gazte kuadrillen afaria Kulturguneko plazan (euria bada, kiroldegian).
  • 22:00etan, Ameztu Antzerkiaren DJ Kaktus, bihurriak gara ikuskizuna Kulturguneko plazan (euria bada, kiroldegian).
  • 23:00etan, Kontzertuak eta erromeria txosnagunean: Bunkker, Tatxers eta Mugi Panderoa.

Uztailak 31, eguena

  • 11:30ean, XXVII. Artisautza Azoka Atxetako plazan.
  • 12:00etan, mezea San Inazio baseleizan. Meza ostean, Durundi Barri Dantza Taldearen ekitaldia. 
  • 12:00etatik 13:30era, baserritar jantzita doazenei txartela taloa eskuratzeko txartel banaketea.
  • 17:30ean, Bola Txapelketea 18 urtetik beherakoentzat San Inazio plazan. 
  • 18:00etan, Bola Txapelketea 18 urtetik gorakoentzat San Inazio plazan.
  • 19:00etan, Mariachi Imperial de Guanajuato taldeagaz kalejirea San Inazio plazatik Elizondora. 
  • Ondoren, Kontzertua txosnagunean: Mariachi Imperial de Guanajuato.

Abuztuak 1, barikua

  • 12:00etan, Bote Luzea erakustaldia Lemoako Esku Pilota Taldearen eskutik, Elizondon.
  • 18:00etan, Zirkoteka, Zirkozaurren umeentzako zirku tailerrak, Kulturguneko plazan.
  • 19:30ean, Sama Siku fanfarrea Elizondotik.
  • 22:00etan, Playback Lehiaketea txosnagunean.
  • 23:30ean, kontzetuak eta erromeria txosnagunean: Zeinke, La Txama, Altxa Porru.

Abuztuak 2, zapatua

  • 11:00etan, Haur Parkea eskolako patioan: ur-puzgarriak, ponpa txokoa, joko erraldoiak, ludotekea, bubble balls eta bits jaia.
  • 13:30etik 14:00etara, Paella, Gisadu eta Tortilla lehiaketetako aurkezpena eskolako patioan.
  • Ostean, herri bazkaria eskolako patioan. Jatekoa norberak eroan, Jai Batzordeak mahaiak eta aulkiak ipiniko ditu eskuragarri.
  • 17:00etan, Jubilatu Elkarteak antolatuta, Mus eta Briska txapelketak Jubiladuen tabernan.
  • 17:30ean, Igel Txapelketea 18 urtetik beherakoentzat eskolako patioan.
  • 18:00etan, Igel Txapelketea 18 urtetik gorakoentzat eskolako patioan.
  • 19:30ean, Rally Umoristikoa Elkartrukeko gazteek antolatuta Arlonagusia Plazatik hasita.
  • 22:30ean, kontzertuak txosnagunean: Alarma Morea, Süne, DJ Kuku eta Kene.
  • Goizaldean, kopaua txosnagunean.
  • 02:30ean eta 05:00etan, etxera bueltetako autobusa Correos-etik.

Abuztuak 3, domekea (umeen eguna barraketan)

  • 17:30ean, Furgonologoa Julen Axperen umorezko bakarrizketea txosnagunean.
  • 19:00etan, Eusko Labela daukan oilasko pintxo dastaketea txosnagunean: pintxoak 1,5 eurotan salduko dira, eta jasotzen den dirua Makatzak Arratiako Ekologistak alkartearentzat izango da.
  • Ondoren, Garsu erre.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!