euskal jaia

Gaur hasiko da Lemoako Euskal Jaia

Asier Abrisketa 2025ko eka. 5a, 09:22

Merhezi taldeak girotuko dau zapatu arrastiko poteoa.

Gaur Mito-ipuinak zelan aitu, zelan zaindu berbaldia egingo da eta zapatuan, ibilbide mitologikoa, poteo musikatua, bazkaria eta Merhezi taldeagaz poteoa.

Lemoako Jai Batzordeak antolatuta, Euskal Jaia ospatuko da Lemoan gaur, hilak 5, eta zapatua, hilak 7, bitartean. Lehenengo jarduerea gaur arrastian, 18:30ean, egingo da Kotxepin Kultur Etxean: Jon Mentxakatorreren Mito-ipuinak zelan aitu, zelan zaindu berbaldia hain zuzen be. Zapatuan, jarraikortasuna izango dau berbaldiak, ibilbide mitologikoagaz eta gero, jairako tartea egongo da iluntzera arte.

Jon Mentxakatorre galdakaoztarra filosofian doktoratua eta Giza Zientzietan graduatua da. Antropologia eta mitologiaren inguruan egin ditu hainbat azterketa, kontakizun edo ipuin mitologikoak batu bakarrik ez, honeen zuztarrak eta eragin sozialak be aztertu ditu eta. 2023ko Aita Onaindia bekaren bitartez, Labayru Fundazioagaz eta Zornotzako Udalagaz argitarau ditu Euskal ahozko ipuinak eta lurpeko eremua. Antologia eta azterketa. I eta II liburuak. Azterketa hori izango da berbaldiaren oinarria.

Zapatuan, etxeko mitologia landuko dabe lemoaztarrek izan be, Jai Batzordeko kide batek ibilbide mitologikoa gidatuko dau Lemoatxatik, 09:00etan da hitzordua Karabie Gaztetxeko aparkalekuan. Behin Lemoatxatik bajatuta, 13:00etan poteo musikatua hasiko da Arraibitik eta gero, herri bazkaria egingo dabe (txartelak maiatzaren 29ra arte egon dira salgai). Bazkalostean barriz, jentea barriro urtengo da poteoan Merhezi talde lemoaztarraren doinuakaz animauta, 18:00etan EAren tabernan hasita.

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!