Badira urte batzuk Lemoan Kultura eta Memoria Astea ospatuten hasi zanetik eta aurten be, maiatzaren 5etik 11ra, ekintza kulturalakaz gozatu eta Memoria Historikoaren gaineko hausnarketea egiteko egitaraua atera dau aurrera Lemoako Udalak. Astebetez, astelehenetik domekara, egunero dago antolatuta ekintza bana: proiekzinoak, erakusketea, kontzertua, poteo magikoa, Belaunaldien Arteko Eguna eta orientazino proba egingo dira astelehenean hasi eta domekara arte.
Memoria Historikoaren gaineko ariketa nagusia, hain zuzen be, Odisea 1937 argazki erakusketea eta honen inaugurazinoan Aitor Miñambres eta Mauro Saraviak eskainiko daben berbaldia da. Hilaren 7an, 19:00etan egingo da ekitaldia Kotxepinen eta erakusketea bertan egongo da hilaren 16ra arte. Federico Gonzalez Erandioko gudariak hamarkada luzez gordeta izan dauzan 24 argazkik osotuten dabe erakusketearen muina. Gonzalez Bilboko defentsan zauritu eben eta handik, lehenengo Santander eta gero Asturiasetik pasau ostean, Bidarteko La Roseraie ospitalera eroan eben. Bere moduan beste 1.600 bat gudari eta zibil pasau ziran La Roseraietik eta euretako askok, nazien kontrako defentsan be hartu eben parte geroago, II. Mundu Gerran. Gonzalezen argazkiok, prozesu guzti horreek erakusten ditue, dokumentazino eta azalpenakaz lagunduta.
Egitaraua:
- Maiatzak 5, astelehena: Momotxorroak: Kaos baten istorioa dokumentalaren proiekzinoa eta solasaldia, Kotxepin Kultur Etxean 18:30ean.
- Maiatzak 6, martitzena: Laburbira Euskerazko Film Laburren XXII. Zirkuitua, Kotxepin Kultur Etxean 18:30ean.
- Maiatzak 7, eguaztena: Odisea 1937 gerrako argazkien erakusketearen inaugurazino ekitaldia eta berbaldia, Kotxepin Kultur Etxean, 19:00etan.
- Maiatzak 8, eguena: Arratiako Musika Eskolearen kontzertuak, Kotxepin Kultur Etxean 18:00etan eta 19:30ean.
- Maiatzak 9, barikua: Poteo magikoa Txoborro eta Tor magoakaz, Txoane tabernatik hasita 19:30ean.
- Maiatzak 10, zapatua: Belaunaldien Arteko Eguna, eskolan 11:00etatik aurrera.
- Maiatzak 11, domekea: Orientazino proba herrikoia, Gudarien Parketik hasita 10:00etan.