Maiatzaren 3an, zapatuan, Arantxe Lemoako auzoa jai giroan murgilduko da, auzoko jaien ospakizunagaz. Eguerdiko 12:00etan, auzoko iturriaren inguruan batuko dira arantxetarrak eta bertatik, jaiei hasikerea emoteko txupinazoa botako dabe, lemoaztar guztiak festaren jakitun izateko. Txupinazoaren ostean, auzo bazkaria prestatuten hasiko dira eta antolatzaileek deialdia egin dabe, bazkarira doazenek alkarbanatuteko postreak eroateko.
Arrastian barriz, Mus Txapelketea egongo da jokoan 17:00etatik aurrera eta honetarako izena, ordu erdi arinago emon behar da. Musean ez dabizenentzako ostera, beste aukera dibertigarri bat antolatu dabe auzotarrek, "karretilla krono-lasterketea". Binaka karretillea hartuta, zirkuitu batean erlojuaren kontrako lasterketea egiteko jokoa.
Horrezaz gainera, arrastian zehar Tortilla Txapelketarako platerak prestatuten ibiliko da jentea kuadrillatan, izan be, 20:00etarako aurkeztu behar dira tortillak. Tortillea eta ziur, beste hainbat gauza jan eta edan ostean, erromeria egongo da auzoan. Merhezi talde lemoaztarreko lau neska gazteak ibiliko dira trikitixa eta panderoari eragin eta euskal kanta ezagunak kantetan.