Lemoako Udalak jakinarazo dauanez, hainbat neurri hartu ditu "Lemoa seguruagoaren alde". Esther Iturrioz alkateak BEGITUri azaldu deutsonez, atzenaldian gertatutako "lapurreta episodioek" eta lapurreten kontrako manifestazinoek bultzatu ditue neurriak. Lapurreta honeek komertzioetan eta etxebizitzaren batean gertatu dira. Alkateak argitu dauanez, gezurra da, jendartean zabaldu dan moduan, zuzenean personen kontrako lapurretarik egon danik.
Komertzioetan emondako lapurreta olatua 2024 urte amaieran gertatu zan, batik bat. Orduan, komertzioetako jabeek bultzatuta, manifestazino bi egin ziran. Jenteak, Arraibiko pabilioi huts batean bizi diran etorkin gazteei egotzi eutsezan lapurretak eta herrian "moroen" kontrako margoketa arrazistak be agertu ziran. Oin, Lemoako Udala pabilioi hau husten saiatuko da.
"Identifikau da arazoa hor egon dala", adierazo dau Iturriozek pabilioiaren inguruan galdetuta. Holan, udalak "utzarazpen administratiboko espedientea" zabaldu dau, pabiloiaren jabeen salaketa judizialari batu jakona. Iturriozek azaldu dauanez, arrazoia da pabiloian bizitea arriskutsua dala, besteak beste, hotza egiten dauanean sua egiten dabelako: "Eurek eta auzokoak babesteko neurria da". Halanda be, alkateak ez dau gazteentzako alternatibarik eskaini eta zehaztu dau arrazoia dala, "inork ez dakiala nortzuk eta zenbat dagozan bertan, errotazino handia dago".
Lapurretak dirala-ta, Lemoako Udalak eta Ertzaintzak presentzia poliziala handitutea be adostu eben, bai eta bien arteko eta Udaltzaingoaren eguneroko hartu-emona handitutea. Urri lehenengoaren 1etik abenduaren 31ra arte, Ertzaintzak 1.539 prebentzio-ekintza egin ditu Lemoan eta esku-hartzeak 840 izan dira. Esther Iturrioz alkateak adierazo dau, errefortsu honek "ziurtasuna" emoten dauala eta herritarrek neurria eskertu dabela.
Beste zeharkako neurri batzuk ere hartu ditu Lemoako Udalak. Besteak beste, segurtasunagaz lotutako gaiakaz herritarrei arreta handiagoa eskaintzeko helburuagaz, Proiektu Estrategikoen, Parte-hartzearen, Segurtasunaren eta Komunikaznioaren Batzordea sortu da. Horrezaz gainera, aurrekontuetan 5.000 euroko partidea gorde da segurtasun esku-hartzeak egiteko, "kamerak instaletea edo segurtasuneko langileen kopurua unean-unean indartuteko" helburuagaz.
Beste alde batetik, 2024an 80.000 euro inguru inbertidu ziran kaleko argiztapena hobetuteko eta aurten be jarraituko da honetan. Amaituteko, laster etxera lagundutako bueltetako proba pilotua be ipiniko da martxan, erdigunetik urrun bizi diran herritarrentzako.