erakusketea

60 urte egingo dira Arratiako tranbiak atzen bidaia egin ebanetik

Asier Abrisketa 2024ko aza. 19a, 13:10

Urteurrena ospatuteko, Kotxepin Kultur Etxean barriro zabaldu da Lemoa: Arratiako tranbiaren bihotza erakusketea.

Arratiako tranbiaren zerbitzua oin dala 60 urte,  1964ko zemendiaren 30ean, amaitu zan. Urteurrena ospatu eta Arratiaren sinbolo bilakatuko zan garraiobidea omenduteko asmoagaz, Lemoako Udalak barriro zabaldu dau Lemoa: Arratiako tranbiaren bihotza erakusketea. Atzo, hilak 18, zabaldu ziran ateak eta zemendiaren 29ra arte bisitau ahalko da, 10:30etik 12:30era eta 16:30etik 19:30era.

Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren behin betiko inaugurazinoa 1902ko abenduaren 6an, domekea, burutu zan. Durango eta Arratiako herriak euren artean eta Bilbogaz harremanetan jartzen ebazan garraiobide hura, Bilbon Arriaga Antzokiko plazatik urtetan zan eta Basauri, Galdakao eta Bediako udalerrietatik pasau ostean Lemoara heltzean zan. Herri hau tranbiaren gunerik garrantzitsuena zan, bertan linea bitan adarkatzen baitzan: Durangorantz edo Zeanurirantz. Lemoan kokatu ziran kotxetegi eta tailer nagusiak.

Handik 62 urtera, 1964ko azaroaren 29an, domekea, mendizaleek jai giroan tranbiari agur esan eutsien Lemoa eta Zeanuri artean, jai giroan, egin eben omenaldiagaz. Atzen unera arte biziraun zuten bi tarteen itxierarekin —Bilbo-Urbi eta Lemoa-Zeanuri— 1964ko azaroaren 30ean, Arratiako tranbia behin betirako desagertu zan. Bere ordezkoa autobusa izan zan: Zeanuri eta Bilbo lotuko ebazan autobuseko gidaria eta kobratzailea bi zeanuriztar izan ziran: Antonio Rekagorri eta Konstan Etxeandia.

 

Egin zaitez Begitu-lagun!

Begitu da Arratiako euskerazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dau aurrera egiteko. Zeuk be gugaz bat egin gura dozu?


Izan zaitez Begitu-lagun!